Baltsa-jaitsierak jarraipena izango du

Sara Lanz 2025ko eka. 5a, 10:00

Aurreko urteko baltsa-jaitsiera. GOIENA

Iaz berriz martxan jarri ostean, Xaxauk aurten ere antolatu du baltsa-jaitsiera. Parte-hartze arrakastatsua izan du berriro ekimenak: 21 talde izango dira txosnarainoko ibilbidean. Gainera, musika giroa eta sorpresak ez dira faltako.

Aspaldiko Xaxauren ekimenetako bat izanik, baltsa-jaitsiera berriz ere izango da aurten Bergarako Pentekosteetako egitarauan. Iaz berreskuratu zuten, 12 urteko etenaldiaren ostean, eta aurten arrakasta handiagoarekin dator: guztira, 21 baltsa izango dira parte hartzen.

Ekintza ekainaren 8an egingo da, 11:30ean, eta parte-hartzaileek autobus-geltokiko zubi azpitik abiatuko dute jaitsiera, txosnaguneraino. "Helburua ondo pasatzea da, guztion artean, giro ederrean", gogorarazi du Xaxauko kide Andrea Gonzalezek.

Parte hartzeko baldintzak guztiz argiak dira: talde bakoitza gutxienez 4-5 pertsonak osatu beharko dute; adin-mugarik ez dagoen arren, 16 urtetik beherakoek guraso edo tutore legalaren laguntzarekin jaitsi behar dute; eta parte-hartzaile guztiek erantzukizun-baimena sinatu beharko dute.

Materialari dagokionez, iazko oinarrizko bera eskainiko da: bi poltsa flotagarri, brida batzuk edo soka. Xaxauk gomendio bat ematen die parte-hartzaileei: "Baltsa ondo lotzea, hain zuzen ere".

Musikaz blai

Ekimenaren giroa are atseginago egiteko, txaranga batek jaitsiera animatuko du, eta antolatzaileek herritarrak gonbidatu dituzte bazterretatik edo zubietatik parte-hartzaileak animatzera: "Iazko saltsa berreskuratu nahi dugu, eta ikusleek ere ondo pasa dezatela".

Atzera begira

Iazko edizioaren balorazioa erabat positiboa izan zen, eta, parte-hartzaileen nahiz ikusleen iritzi baliotsuak kontuan hartuta, hobekuntza batzuk txertatu nahi izan dituzte aurtengo edizio honetarako. Besteak beste, errekara jaisteko sarbideak erraztu egin dituzte, eta segurtasun handiagoz ibiltzeko aukera eman; jaitsieraren unean itxita egongo da txosna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak