Haur eta gazte bergararrek protagonismo berezia izango dute Bergarako 2025eko Pentekoste jaietan. Udalak antolatutako egitarauaren baitan, Matxiategi eta Fraiskozuri guneetan jarriko dituzte ohiko feria-postuak; guztira, 22 barraka eta saltoki. Horien artean izango dira Nube eta King Kong atrakzio ikusgarriak; iazko jaietan ez ziren barraken artean izan.
Hain zuzen ere, autotxokeak, Super Igela, Eltzea, Scalextric, Aerobaby, ohe elastikoak eta halako barraka ezagunak izango dira aurten, haurren zein helduen gozamenerako. Horrekin batera, haurrentzako propio egokitutako pistak eta puzgarriak ere izango dira.
Barrakak ekainaren 6tik 10era bitartean egongo dira martxan. Egunez egun, 11:30ak baino lehen ez dituzte irekiko, eta itxiera-ordutegiak aldatu egingo dira egunen arabera: ostiraletik astelehenera 04:30ak arte, asteartean 01:00ak arte eta gainerako egunetan –ostiral eta larunbatean–, gehienez 02:30era arte eta astegunetan 01:00ak arte.
Udalak bereziki zainduko du festetako zarata-maila: ez da musika edo sirena zaratatsurik baimenduko 14:00etatik 16:30era, ezta gau partean ordutegi jakinetatik aurrera ere.
Prezioei erreparatuz, aurreko urtetik hona mantendu egingo dira. Hortaz, bidaia bakoitza 2,50 eurokoa izango da eta 6 bidaiako bonuak 10 euroko balioa izango du. Haur Eguna ekainaren 9ko (astelehena) goiza eta ekainaren 11 osoa izango da, eta egun horietan bidaia bakoitzak 1,5 euro balioko du. Behar bereziak dituzten haurrek ere feriaz goza dezaten, ekainaren 8an eta 9an, 17:00etatik 19:00etara, ez da musikarik ezta sirena zaratatsurik erabiliko. Gainera, bertako langileei gomendatu zaie ilaran dauden haur horiei lehentasunez sarrera ematea.
Udalak AFADE elkartearekin eta Gautena elkartearekin elkarlanean inklusioko protokoloak aktibatu ditu berriro ere. Horrez gain, erabiliko den %75ean euskarazkoa izango da, eta kartel guztiek hizkuntza-irizpideak bete beharko dituzte. Gainera, hizkera ez-sexista eta irudi egokiak erabiltzera behartuta daude postu guztietan.
Egitarau koloretsua
Haur eta gazteentzako ekintzek presentzia nabarmena izango dute jaietako egitarauan. Festen hasiera-egunean, ekainaren 6an, paella-jana egingo dute Seminarioko karpan, Oxirondo Aisialdi Guneko gurasoek antolatuta. Ostean, disko-festaz gozatu ahal izango da.
Hurrengo egunean, zapatuan, erraldoien gunea jarriko dute San Martin plazan, eta goizean zein arratsaldean kalejirak egongo dira. Arratsalde horretan, azokako ludotekan, Ihes-gela mitologikoa egingo dute, eta jarduera horrek domekan izango du bigarren saioa. Egun berean jokatuko da Simon Arrieta plastika sariketaren 45. edizioa.
Ekainaren 9an, Munibe plazan kaleko dantza tailerra egingo dute, eta jardunaldia holi festa musikaturekin amaituko da. Eguerdi aldean, berriz, gaztetxoenentzako bigantxak egongo dira, zezen-plazan. Azkenik, martitzenean, ekainaren 10ean, Ipintza II-ko jolastokia irekiko dute, eta errekortadore eskola ibiltaria egingo dute zezen-plazan.
Jaioberrien harrera-ekitaldia
Urtero bezala, jaioberriei harrera egiteko ekitaldia egingo dute; aurten, guztira, 89 jaioberri daude Bergaran, eta banan-banan jasoko dute jaietako zapia, alkatearen agurraren ondoren.