Ekainaren 6an, egubakoitza eta Pentekosteen ataria, Maite Txintxurreta egile bergararra duen Bitorianatxoren komikia aurkeztuko dute, 18:00etan, Bidekurutzetako Biltokian. Herriko pertsonaia ezaguna protagonista duen komikiak 2024ko Koldo Eleizalde lehiaketa irabazi zuen eta aurtengo jaietan herritarrentzako ikusgai izango da. Gustura dago bergararra, jendaurrekoak lotsa pixka bat ematen badio ere: "Polita da lana herrian ikusgai egotea".
Lehiaketaren sari banaketan ere lotsa puntu batekin egon bazen ere, pozik jaso zuen saria. Denbora librean egindako komikia izan zela dio Txintxurretak: "Iaz, urte hasieran, bajan egon nintzen, eta, entretenitze aldera, komiki batzuk egiten hasi nintzen. Eta, lehiaketaren berri nuenez, zerbait aurkeztea nuen buruan". Deskantsu denbora hura aprobetxatu, eta lauzpabost astean sortu zuen komikiaren irudia eta testua.
Film laburretik, komikira
Komikiaren istorioa, baina, ez zen Koldo Eleizalde lehiaketarako sortua izan; urte asko atzera eginda, beste lehiaketa baterako sortu zuen, lagunekin batera. "Orain dela urte batzuk, hamar urte inguru, jaietan Xaxau konpartsak urtero antolatzen duen film labur lehiaketara lagun batzuk istorio horrekin aurkeztu ginen. Egin dudana orduko istorio hori komikira ekartzea izan da. Ideia aspaldikoa da", esan du.
Txintxurretaren berbetan, istorioa kontakizun sinplea da. Garaiko egoera sozialarekin istoriotxo bat egin zuten: "Film laburra egin genuen garaian, bertoko jendea atzerrira joateko joera handia zegoen; izan ere, atzerrian lan-aukera handiagoa zegoen. Hala, premisa zen Bitorianatxo Alemaniara zihoala, beste aukera bat bilatzera".
Bitorianatxorik gabe, jairik ez
Istorioa labur-labur azaldu du marrazkigileak: Bitorianatxok Bergaratik Alemaniara lan-aukera bila joateko erabakia hartu du; lagunei horren berri eman eta haiek geratzeko behin eta berriz eskatuta ere, alde egingo du. Horrek jaiak bertan behera gelditzea ekarriko du, eta lagunek, hori jakinda, Bitorianatxori deitu eta itzultzeko eskatuko diote, baina hark ez du itzultzeko asmorik erakutsiko. Herrietako jaien nostalgiak, ordea, egonezina sortuko dio eta jaietara itzultzea erabakiko du.
Herritarrek irakurtzeko aukera
Marrazkilari bergararrak ez daki herritarrei komikia eta istorioa gustatuko zaien edo ez, baina inguruko lagun batzuei erakutsi die eta jasotako erantzuna ona izan da: "Film laburrean agertu ziren batzuk komikian daude, eta grazia egin die". Txintxurretari "beste munduko ezer ez dela" iruditzen bazaio ere, komikia plaza ondoko erakusleiho batean jarriko dute ikusgai, formatu handian, ikustera eta irakurtzera joan nahi duten guztientzako.