Zezen-plazatik 8.000 ikusle igarotzen dira

Naia Laka Arrizubieta 2025ko eka. 3a, 15:00

1.200 ikuslerentzako plaza muntatzen du antolakuntzak, baina ez da nahikoa. "Zezen-plaza ikuskizun gehienetan txiki geratzen da eta jendea kanpoan gelditzen da", esan du, beste behin, Bergarako Zezenak taldeko Iñigo Almorzak.

Aurtengo Pentekosteetan ere zezen-ikuskizunik ez da faltako Bergaran. Bergarako Zezenak ganadutegiko Iñigo Almorzak argi utzi du: "Udan 80 bat ikuskizun egiten ditugu, baina ilusio handien herrikoek egiten digute". 1.200 ikusle hartzen dituen zezen-plaza muntatzen dute, eta bertatik 8.000 ikusle inguru pasatzen direla baieztatu du. Urtero izaten diren espektakulu guztiak egingo dira aurten ere, eta debagoiendarren eta ingurukoen parte-hartzerik ez da faltako: Unai Arana Xurra, Ander Martinez Txino, Jon Maiztegi, Anartz Almorza, Ander Gallastegi, Gorka Santamaria, Blas Kruz, Julen Murgiondo eta Pedro Caballo, besteak beste, ikuskizunaren parte izango dira.

Pentekoste jaietako ekitaldi-sortari hasiera emateko, errekortarien lehiaketa izango da zapatuan, 18:30ean. Bertoko zein kanpoko errekortariekin egingo dute. Guztira hamabi errekortari lehiatuko dira. Espainiatik ere etorriko direla baieztatu du Almorzak, baina oraindik ezin du izenik konfirmatu: "Hemengo errekortariak ere joaten dira kanpora; orduan, handik ere beti etortzen da baten bat. Euskal Herriko errekortarien ikuskizunari dagokionez, zapatuko lehiatik urrunduta, entretenimendua eta komedia emango dizkio domeka arratsaldeari. Almorzak dioenez, umeek asko eskatzen duten ikuskizuna da, alde serioa eta alde komikoa, biak ala biak dauzkalako. "Urteak egon ginen antolatu gabe, baina badira hiru bat urte jarraian egin duguna, eta momentu honetan oso onarpen handia dauka. Txapelketan parte hartzen dutenak hemen egongo dira denak", dio Almorzak.

Lehiatzeko estilo diferenteak

Bertoko errekortarien eta kanpokoen lehiatzeko moduei buruz berba egiteko orduan, Almorzari aipagarria iruditzen zaio duela urte batzuetatik gaur egunera bitartean euskal errekortarien munduan gertatu den aldaketa. "Hasi ginenean kanpokoekin alderatuta pixka bat atzean geunden, baina orain, agian, diziplina aldetik hobeto antolatuta gaudela esango nuke", azaldu du.

Haren ikuspuntutik, errekortari eskola sortu zenetik bertoko guztiek patroi berbera segitzea lortu da, portaerari eta egiteko moduari dagokionez gauzak txukun eta garbi egitea lortu da. Errekortari mundua "kanpoan indibidualagoa da eta lehiakortasun puntu hori gehiago dute, beste modu batera egiten dira gauzak. Ez dago hemen dagoen elkarren arteko laguntza eta gauzak aurrera ateratzeko dugun espiritua. Egiteko moduan badago aldea".

Bigantxen ordua aldatu nahian

Bigantxak, aurten ere, domeka eta martitzen goizean izango dira -09:00etan-, azken urteetan antolakuntzak goizago jartzeko eskaera egin izan badu ere. Bigantxak 08:00etan hasita, txosnen irteera eta bigantxen hasiera lotzeko aukera aproposa dela ikusten dute, baina Udalak ez du eskaera onartu.

Almorzak eskaera nondik datorren azaldu du: "Askotan, luze egiten da 06:00etan txosnak itxi eta 09:00ak arteko tarte hori. Hiru ordu horiek kritikoak izaten dira. Orduan, Txosna Batzordeak eta guk geuk txaranga bat jartzea eskatu genuen, 07:00etan, adibidez, txosnagunetik 08:00etarako zezen-plazara joateko. Aurten ez da posible izan. Ea datorren urterako lortzen den."

Olinpiadak, kuadrillen bilgune

Astelehenean, ekainak 9, 12:30ean, herriko gazteek Kuadrillen Arteko Olinpiadetan dute hitzordu paregabea. Aurten hamalaugarrenez egingo dituzte, eta urtetik urtera jende gehiagok eta kuadrilla gehiagok parte hartzen dute: "Sekulakoa da hori. Gaur egun ez dago Bergarako jaiak imajinatzerik Olinpiadarik gabe. Dena beteta egoten da. Txiki gelditzen da zezen-plaza. Bi aldiz beteko genuke".

Sarrerak aurretiaz hartu

Ikuskizunetarako sarrerak jaiak hasi baino bi edo hiru egun aurretik jartzen dituzte salgai, publikoak aurretiaz erosteko aukera izan dezan: "Horrela hasi ginen. Sarrerak eskatu egiten dizkigutenez, aurrez jartzen ditugu salgai. Jendea lehenbailehen hartzera ohitu da, eta sarrera gehienak saltzen dira egunaren aurretik".

Ikuskizunak zezen-plazan

Ekainak 7, zapatua

  • 18:30. Errekortarien txapelketa

Ekainak 8, domeka

  • 9:00. Bigantxak
  • 18:30. Euskal Herriko Errekortarien ikuskizuna

Ekainak 9, astelehena

  • 12:30. Kuadrilen Arteko XIV. Olinpiadak
  • 18:30. Gaztetxoentzako bigantxak

Ekainak 10, martitzena

  • 9:00. Bigantxak
  • 18:30. Errekortadore eskola ibiltaria gaztetxoentzat

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak