Aurtengo bakailao lehiaketak berritasun nabarmena dakar: elkarte gastronomikoei zuzendutako lehiaketa izan da 30 ediziotan, eta 31. edizioa izango da lehenengo bakailao lehiaketa irekia.
Kultura teknikari Zaloa Bernalek azaldu duenez, elkarteek eta herritarrek parte hartu ahal izango dute: "Jai Batzordean hartutako erabakia da, urteak daramatzagu aldaketa hori egiteko aukera komentatzen; elkarteei zuzendutako ekintzak direnean herritarren parte bati bakarrik zuzendutako ekintzak direla eta herritar asko kanpoan gelditzen direla baloratzen da". Hori saihesteko, kulturartekotasunaren alde egiteko eta ekintza demokratizatzeko apustua egin dute.
"Gaizki ez, baina ez da berdina"
Patxi Uribesalgo parte-hartzaile beteranoak bere errezeloak ditu aldaketa horren inguruan: "Gaizki ez zait iruditzen, baina ez da berdina. Ikusiko dugu, baina nik uste dut egongo direla nahiko bakailao txapuzak".
Uribesalgok hamar urte daramatza partaide izaten, eta hau da haren errezetaren sekretua: "Kalitate oneko bakailaoa erostea, saltsa ez oso sendoa ez oso mehea izatea eta lasai ibiltzea".
Herri-bazkariak, nahi beste
Iazko bazkari berberak egingo dira aurten ere, eta, egubakoitzetik hasi eta martitzenera arte, egunero herri-bazkari bat egongo da, adin guztietako herritarrentzat. Aurtengo berritasunen artean, egubakoitzerako Oxirondo Aisialdi Guneko gurasoek antolatu duten Bitorianatxo jaitsi osteko paella-jana dago, orain arte parrillada izan dena.