Kolorea eta dantza dakar aurtengo Bitorianatxok

Naia Laka Arrizubieta 2025ko eka. 2a, 10:01

Lehendabizikoz aurkeztu eta irabazi egin du Ander Barruso tatuatzaileak 2025eko Pentekosteetako kartel lehiaketa bere diseinuarekin. Jaietako zapietan Alazne Elorzaren eta Mariya Borislavovaren irudia jarriko da, Danel Urrutiaren leloarekin.

Dantzatzea, oinekin amestea dela dio aurtengo Pentekosteetako kartelak. Aurkeztutako hamahiru lanetatik Ander Barruso bergararrarena izan da aukeratua. Epaimahaikideen berbetan, "sormena eta estiloa" izan dira lan horren indarguneak. Hark gustura hartu du berria: "Pozik. Gainera, parte hartzen dudan lehen aldia da".

Izan ere, aurreko urteko irabazlea izan zen Mikel Aginagalde laguna du, eta hark animatu zuen parte hartzera: "Lagunak egin du txosnetakoa (kartela), eta nik Udalarena; beraz, aurten herria gurea da".

Haren ideia Bitorianatxori bizitasuna ematea izan da, haren irudi gris eta ilunari kolore alaiak gehitu eta dantzan jarrita.

Kartelak egitea afizio bat da Barrusorentzat: "Ni tatuatzailea naiz, egiten ditudan gauzekin konparatuta oso desberdina da". Beste urteren batean ere aurkeztuko litzatekeela aitortu du.

361 marrazki zapi lehiaketan

Jaietako zapirako marrazki eta lelo lehiaketa ere antolatu dute, urtero moduan, eta, Jardun Elkartearen esanetan, herritarren parte-hartzea gero eta handiagoa da: "Inoizko parte-hartze handiena izan dugu; pozik gaude jasotako marrazkiekin, baita aukeratutakoekin ere".

Haurren lehiaketan 349 marrazki jasota, irabazlea Alazne Elorza izan da; helduenean, hamabi marrazkietatik, Mariya Borislavovarena izan da aukeratua. Aurtengo leloa Danel Urrutiaren Bergarako jaixak, euskaldunak eta alaixak izango da.

Helduen 2.500 zapi eta haurren 300 zapi jarriko dira salgai Jardun elkartearen bulegoan eta herriko hainbat tabernatan, baina baita beste leku batzuetan ere: Irala kalean ekainaren 5ean (19:00-21:00) eta San Martin plazan ekainaren 6an (17:00-23:00) eta ekainaren 7an (11:00-13:00).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak