Bergarako Korto Lehiaketa: 13. aldiz sormenaren plaza

Sara Lanz 2025ko mai. 30a, 17:00

Lehiaketa iragartzeko Xaxauk egindako bideoaren zati bat. XAXAU

Erraldoien omenez egingo dute XIII. Korto Lehiaketa, eta lanak ekainaren 2ra arte aurkeztu ahal izango dira.

Pentekosteetako ohiko hitzordu bihurtu da dagoeneko film laburren lehiaketa, eta aurten ere Xaxauk ekimenari eutsiko dio. Hamahirugarren aldiz egingo da, eta herritarrek izango dute berriz ere kamerak hartu eta sormena lanean jartzeko aukera.

Aurten ere, iazko arau berberak izango dira indarrean: film laburrek gehienez bost minutuko iraupena izan dezakete eta Nik be maitxe zaitxut esaldiak agertu beharko da. "Afektua adieraztea zaila egiten zaigulako eta erraldoiekiko maitasun berezia dugulako hautatu dugu esaldi hori", azaldu du Andrea Gonzalezek, Xaxauko kideak.

Ez da gai finkorik ezarri, baina erraldoiak agertzea eta esaldia txertatzea ezinbestekoak izango dira lana onartzeko. Lan guztiak xaxaukomunikazioa@ gmail.com helbidera bidali beharko dira, eta ekainaren 2a izango da entrega-epearen azken eguna. Emanaldia, berriz, ekainaren 8an izango da, txosnagunean, giro herrikoian eta ikusleen parte-hartzearekin.

Xaxauk urtero talde bat omendu ohi du lehiaketaren harira, eta aurten Bergarako Erraldoi Taldearen txanda da. "Herrian presentzia handia dute, haur eta heldu", adierazi du Gonzalezek.

Sariak eta epaimahaia

Epaimahaiak –Yune Nogueiras, Jone Albeniz, Jone Santamaria eta Jon Olivares– film labur, aktore eta edizio onenak sarituko ditu, eta ikusleen saria ere banatuko da. Irabazleek paella-janerako gonbidapena jasoko dute, eta aktore onenaren Oscar sari bat ere bai. Parte-hartzea jaitsi egin zen iaz, baina aurten lan gehiago espero dituzte antolatzaileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak