Jai erraldoia izango da

Uxue Arakama 2025ko eka. 2a, 15:00

Bergarako Erraldoi taldea izango da Pentekosteetako protagonista nagusia; egitarau berezia izango dute egubakoitzean, zapatuan eta domekan, 25. urteurrena ospatzeko.

Urte berezia da hau Bergarako Erraldoi Taldearentzat. Izan ere, 25 urte betetzen ditu aurten, eta, hori gutxi balitz, jaietan udaletxeko balkoian ikusiko ditugu. Haiek emango baitiete hasiera Pentekosteei; izan ere, suziria botako dute. Konpartsako kide Andoni Goitiren hitzetan, "ohorea da taldearentzat. Herriko jaien hasierako sinbolo hori, txupinazo hori, botatzea. Ohorea eta errekonozimendua ere bai. Urte askotako lanari eta esfortzuari balio bat ematen dio herriak, eta harro gaude". "Sekulako sorpresa izan zen, eta ilusio handiarekin" hartu zuen berria Jon Ander Garitanok ere, taldeko kide eta sortzaileak.

Taldea bera, gaur egun, egoera onean dagoela adierazi du taldeko kide eta sortzaile Ibon Unamunok. Jendez ondo dabiltzala ere kontatu du; hein handi batean, behintzat. Talde oso familiarra izan da hasieratik, familia handi bat. Orain urte batzuk, gainera, urtean behin bada ere, Euskal Herritik kanpora irteteko erabakia hartu zuten: "Taldea sortzen baita horrela". Harrezkeroztik, egin dituzte bidaia batzuk; adibidez, Kataluniara. Han lotu ziren lehen aldiz aurten gonbidatu datozen Navarcleseko (Bartzelona) Colla Geganterarekin. Euskal Herri barruan ere egin dituzte irteerak; hala egin ziren Txantreako eta Deustuko erraldoi taldeen lagun, esaterako.

Egoera ona bizi duten arren, badaude alde ilunagoak ere; gazteen falta sumatzen dute pandemia ezkero. Unamunok azpimarratu nahi izan du "ateak irekita" daudela "nahi duen guztia gerturatzeko, probatzeko eta taldean sartzeko".

Xaxauren eragile omendua

Xaxaukoek urtero omentzen dute herriko eragile bat, eta aurtengoa Bergarako Erraldoi Taldea izango da. "Herrian presentzia handia izateaz gain, haurrengandik hasita, helduenak ere dantzan jartzeko gai direlako eta beti ibili izan direlako Xaxauren baitan, eta, noski, urte luzez horrela izatea nahi dugulako", Xaxau Jai Herrikoien Konpartsako kide Andrea Gonzalezek azaldu duenez.

Hori dela eta, egitarau berezia prestatu dute Erraldoi Taldearekin. Zapatuan ospatzen da herri mailako Erraldoien Eguna, egun horretan ateratzen baitira kalejiran. Hortaz, txosnagunetik pasatzen direnean omenaldia egingo diete han bertan: "Testu bat irakurri, erraldoiei zapi batzuk jarri eta, ostean, denok batera Gure Esku Dago argazkia aterako dugu".

Domekan, berriz, Xaxauk antolatuta, Erraldoi Eguna ospatuko dute txosnagunean. Hain zuzen ere, egun berezi hori ospatzeko, adin guztientzako egitaraua prestatu dute; Gonzalezek aditzera eman du zein ekintza antolatu dituzten: "Eguerdi aldera, erraldoien inguruko hainbat eskulan egin ahal izango dira, baita eurek egiten dituzten dantzak ikasi ere. Horren ostean, txomingero bazkaria egongo da; bazkalostean, aldiz, eguerdian ikasitako dantzak erraldoiekin probatzeko aukera egongo da".

25 urteko ibilbidea

Festetako txupina botako dute, Xaxauren omenduak izango dira eta taldearen 25. urteurrena dute. Bergarako Erraldoi Taldeak Pentekosteetan badu zer ospatu.

Denboran atzera egin du Ibon Unamunok. Taldeko sortzaileetako bat da hura, eta taldea nola sortu zen kontatu du: "Xamatz dantza taldeko partaideak ginen eta Iñigo Alberdi zinegotzi sartu zen Udalean. Hark planteatu zigun dantza taldean ea prest egongo ginatekeen erraldoi talde bat sortzeko". Hasieran, erraldoi konpartsa baten kudeaketaren inguruko ideia handirik gabe, laguntza izan zuten: "Arrasateko konpartsak lagundu zigun hasieran; dantza nola egiten zen ere ez genekien". Baina gero, euren bidea hartu, eta aurrera jarraitu zuten bergararrek. Garitano ere sorrera hartako protagonistetako bat izan zen: "Bi erraldoi egiteko asmoa geneukan, orain Ximon eta Magdalena direnak. Orduan, bi erraldoi besterik ez zegoen Bergaran, Mari Kattalin eta Joxe Bixente". Goitik azaldu duenez, "konpartsa sortu aurretik bi erraldoi haiek bazeuden; 80ko hamarkadakoak dira. Baina ondoren, gehiago egin ziren".

Hasiera batean, hamalau bat lagunek osatzen zuten Erraldoi Talde jaio berri hura. Aipatutako lau erraldoiak zeuzkaten. Gaur egun, asko aldatu da dena. "Orain, sekulako familia handia gara, ia 100 kiderekin eta hogei erraldoiekin; azkenak, Krixkitin eta Poxpolin", argitu du Garitanok.

Bide luzea egin du ordutik taldeak; aldaketa handietako bat umeak taldean sartzea izan zen. Garitanoren hitzetan, "asko irabazi zuen taldeak umeak sartu zirenean". Gainera, hori da, hein handi batean, kide asko taldean sartzeko arrazoia. Goitik azaldu duenez, "ume asko sartzen hasi dira, eta, umeekin batera, gurasoak. Niri gustatzen zait, baina, zelanbait, umeak tiratuta sartzen gara taldera. Erraldoi taldeko kide izateak poztasun handia ematen du; batik bat, umeak gehitzen doazela ikusteak". Eta argi utzi dute hori egiten dituzten irteerekin. Bergaran, urtean zazpi, gutxi gorabehera; Bergaratik kanpo, baina Euskal Herrian, hamar inguru; eta, gaur egun, urtean behin, nazioarteko irteerak antolatzen dituzte.

Pasatakoa, ordea, ez da ahazten, eta Unamunok pozik gogoratzen du lehenengo irteera, Bergaratik kanpo atera zireneko eguna: Azpeitira. Baita Euskal Herritik kanpo egindakoa ere, Navarclesera, 2009an. 

Ibon Unamuno, Erraldoi taldeko sortzaile eta arduraduna: "Neskak Erraldoi Taldera gerturatzea da oraingo erronka"

Zein da Bergarako Erraldoi Taldearen gaur egungo egoera?

Jende kopuruz ondo gabiltza, bai umetan, baita nagusietan ere. Hala ere, nagusiei erreleboa emateko gazteak behar ditugu, 18-20 urte ingurukoak. Pandemiarekin galdu egin genuen adin tarte hori, eta orain ari gara nabaritzen.

Zer aldatu da 25 urte hauetan?

Dena. Hasi ginenean, bi erraldoi zahar eta berritutako beste bi geneuzkan. Irteten ginenean, lau katu joaten ziren atzetik. Gaur egun, erraldoi mundua goraldian dago; geroz eta jende gehiago dator ikustera, konpartsa gehiago ari dira irteten... Eta hori oso polita iruditzen zaigu.

Nola hartu duzue txupinazoa botatzeko eskaera?

Pozgarria izan da. Bai herriak bai jaien batzordeak baloratzen du, nolabait, urte hauetan guztietan egin dugun lana. Pozgarria da, bai. Xaxauren omenduak ere bazarete. Oso pozgarria da hori ere; ez genuen inondik inora espero. Ilusio handiarekin hartu dugu.

Zer ematen dio zuen taldeak herriari?

Gauza polita ematen diogu herriari. Beti izan gara talde familiar bat. Askotan, umeak sartu eta gurasoek bukatzen dute kide izaten; familia handi bat gara. Askotan, ikusten duzu 15 urteko ume bat 7ko batekin jolasten, eta polita da hori; familia bat, talde bat, sortzen da.

Hurrengo urteetarako erronka edo helmugarik ba al daukazue?

Neskak taldera gerturatzea. Zoritxarrez, erraldoi mundu hau, orain arte, behintzat, mutilei begirako gauza bat izan da. Baina hasi gara neskak ikusten, eta horrek izan behar du gure erronka, neskak taldera gerturatzea. Helburu horrekin sortu genituen Krixkitin eta Poxpolin; errazago erabiltzen dira.

100 urtez erraldoiak Bergaran

Erraldoi eta buruhandiak Zubieta kalean, 1943

Artxiboan begiratzen ibili eta gero, duela 100 urte egindako eskari batekin egin zuten topo. Baina ez edozein eskari; honako hau topatu zuten:

1925eko urtarrilaren 10a

... Bidal iezaguzu, mesedez, hurrengo inauterietako jaietan erabiltzeko asmoa baitugu, bost metroko altuera duten bi erraldoi, zurezko armazoiekin, kristalezko begiekin eta ileordearekin eta lau buruhandirekin. Bai erraldoiak bai buruhandiak jantzirik gabe bidali behar dira. Erraldoien ereduak Bartzelonakoena izan behar du (Fivaller eta bere bikotekidea). Enkargu honen prezioa mila pezetakoa izango da, Otazua jaunari adierazi zion bezala...

Adeitasunez zure affm S.S.Q.E.S.M

Eskari horren dokumentuan irakurri daitekeenez, Don E. Vidali bidali zion eskaria, Bartzelonara. Dirudienez, Pedro Otazuarekin harremana zeukan hark, eta lehenago Vidalek Otazuari egindako bisita batetik tiraka egin zion eskaria. Uste denez, argazkikoak dira etorkizun batean desagertu ziren erraldoi eta buruhandiak.

Mari Kattalin eta Joxe Bixente

Ibon Unamunok bazuen horren berri: "Bergarako Udalak duela 100 urte erosi zituen lehen erraldoiak. Baina gero, desagertu egin ziren haiek, eta dauzkagun lehen argazkiak 1943koak dira; bi horiek izango ziren. Badakit ondorengoak epaitegia erre zenean erre zirela, kalabozoan gordetzen baitzituzten. Haiek erre zirenez, 80ko hamarkadan Zaragozan bi buruhandiren buruak erosi ziren, Mari Kattalin eta Joxe Bixente direnak. Bergarako Errotagain enpresan aluminiozko estruktura egin zen".

Erraldoiak ikusteko agenda

Ekainak 6, egubakoitza

• 20:00 Pentekosteen txupinazoa.

Ekainak 7, zapatua

• 10:30 Mizpirualdera bisita.

• 11:30 Erraldoien gunea San Martin plazan.

• 11:30 Talde gonbidatuei ongietorria eta kalejira.

• 18:15 Erraldoien kalejira.

Ekainak 8, domeka

Erraldoien Eguna ospatuko da, Xaxauren eskutik.

• 13:00 Tailer erraldoia eta dantza ikastaroa.

• 16:00 Erraldoien dantzak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak