Maiatzaren 29an, 30ean eta 31n egingo dute Ekinez musika jaialdiaren hirugarren edizioa, Labegaraieta auzoko kirolgunean. Hiru egunekoa izango da aurten jaialdia, eta hori bera da nobedade nagusietako bat, antolakuntzako Beñat Etxebarriak adierazi duenez: "Kezka bat badugu musika jaialdiak orokorrean hartzen ari diren norabideaz, eta horregatik prestatu dugu egitarau txiki bat eguenerako, jaialdi ereduen gainean hausnarketa baterako gonbita egiten duen mahai-inguru batekin, bakarrizketa batekin eta kontzertu akustiko batekin".
40 taldek joko dute; horietatik 18 dira bailarakoak, eta 26k lehen aldiz joko dute Ekinez jaialdian
Mahai-inguru horretan Etxebarriak berak, Kattalin Barcenak, Lander Aznalek eta Jon Urzelaik hartuko dute parte (17:30). Gero, 19:00etan, umorearendako tartea egongo da, Asier Kortabarria Moto-ren eta Asier Galarzaren eskutik. Eta, lehen eguna borobiltzeko, Antzuolako Kiimak taldeak kontzertua emango du, 20:00etan; egun horretako ekintzetarako ez da sarrerarik ordaindu beharko. Beste nobedade bat izango da aurten akanpalekua Labegaraietako kiroldegi barruan egongo dela; akanpalekurako bonuak salgai jarri, eta bi orduan agortu ziren. "Aurten lortu dugu kanpatzeko lekua jaialdiaren gune barruan egotea, eta, beraz, askoz erosoagoa izango da datozenentzat", dio Etxebarriak.
Debagoieneko 18 talde
Jaialdia, antolakuntza ikuspegitik, "gustuko zurrunbiloa" dela gaineratu du Etxebarriak: "Aurten, 40 talde izango dira. Imajinatu dezakezue ordutegiekin, adibidez, nolako kaosa daukagun... Erronka hasieratik izan da jaialdia urtez urte hazten joatea eta ahalik eta talde gehienei aukera ematea Ekinezen jotzeko. Aurten, 18 talde Debagoienekoak dira, eta 26 taldek lehen aldiz joko dute Ekinezen... Pozik gaude, buruan genuen ideia errealitate bihurtu ahal izango dugulako, hein handi batean. Hogei ordutik gorako zuzeneko eskaintza musikala prestatu dugu".
Ordaindu, eskumuturrekoarekin
Beste berritasun bat da eskumuturrekoak erabili beharko direla jaialdi barruan edariak, janaria eta beste ordaintzeko. Eskumuturrekoa Internetez aldez aurretik kargatzeko aukera egongo da, eta, jaialdian diru fisikoarekin kargatzea egiteaz gain, QR bidez egiteko aukera ere egongo da. Gainera, aurten lehen aldiz, tatuatzeko txokoa jarriko dute: "Ez dira txandak hartu beharko aldez aurretik; txanda bertan hartu ahalko da eta diseinuak ere bertan aukeratu ahal izango dira. Gainera, nahi duenak Ekinezeko logoa doan tatuatu ahalko du". Horrez gain, Ekinez agertoki nagusia kiroldegi aurrean jarriko dute eta Eginez agertokia, berriz, kiroldegiaren atzeko partean –komunen gune bana egongo da agertoki bakoitzaren ondoan–. Hiru barra, hiru janari-furgoneta edo foodtruck –hanburgesak, taloak eta ogitartekoak egongo dira, besteak beste– eta skate parkea martxan egongo dira jaialdiko ateak irekita dauden bitartean. Egubakoitzean, hilak 30, 17:30ean irekiko dituzte ateak, eta 01:00etan itxi. Zapatuan, hilak 31, 11:30ean ireki eta 01:00etan itxiko dituzte ateak.
Azken sarrerak salgai
Sarreren salmentez galdetuta, "oso pozik" daude antolatzaileak: "Ez ditugu guztiak saldu, baina oso pozik gaude jendearen erantzunarekin". Azken sarrerak erosteko aukera dago, bi egunerako zein egun bakarrerako; bi egunerako sarrerak 40 euro balio du –gehi hiru eguneko kudeaketa-gastuak–, egubakoitzerakoak 25 –gehi bi euro– eta zapaturako sarrerak, azkenik, 30 euro –gehi bi euro–.
Boluntarioen "garrantzia"
Antolatzaileek diotenez, "auzolanean eta elkarlanetik" egiten den jaialdia da Ekinez, eta boluntario-sarea "oso garrantzitsua" da. Lehen bi edizioetan boluntario lanetan aritu zen Ana Sebal bergararra, eta aurten ere lanean egongo da: "Halako jaialdi batean laguntzeko beti egongo gara prest; herrian Ekinez moduko jaialdi bat izatea ederra da, xarma berezia dauka".