Gorka Artola alkateak eta Ndank Ndank elkarteko lehendakari Mamadou Sarr-ek sinatu dute; bi aldeek adierazi dute "elkarrekiko konfiantzan" eta "helburu partekatuetan" oinarritutako lankidetza sendotu nahi dutela, herriko "kultura aniztasuna aberastasun gisa" ulertuta. "Garrantzitsua da komunitate ezberdinen artean elkarlana sustatzea. Bergarak urrats sendoa emango du elkarbizitza eredugarriago baterantz", adierazi du Gorka Artolak.
Betebeharrak
Jatorri ezberdinen arteko harremanak eta kultura trukeak sustatzeko helburuarekin egiten du lan Ndank Ndank elkarteak Bergaran, bereziki Senegal eta Afrika hego-sahararreko komunitateekin. Sinatutako hitzarmenaren bidez, hainbat betebehar hartuko ditu bere gain, besteak beste honako hauek: Bergaran kultur aniztasuna lantzeko erreferentziazko pertsona bat izendatzea; dagoeneko martxan dagoen kulturartekotasun mahaia dinamizatzea eta sustatzea; familia enbaxadoreen proiektua bultzatzea, herriko ikastetxeen eta familien arteko zubi lana eginez; eta jardueren berri ematea eta Udalak egiten duen jarraipen-lanari laguntza ematea.
Bergarako Udalak, bere aldetik, dirulaguntza bideratzeaz gain, Udal azpiegiturak doan utziko dizkio, baita beharrezko laguntza teknikoa eman ere.
Baldintzak
Hizkuntzaren erabilerari dagokionez hainbat baldintza jaso dituzte hitzarmenean; besteak beste, elkartearen eta Udalaren arteko harremanak euskaraz bideratzea. "Udalaren Euskara Planaren jarraibideak kontuan hartuta, euskararen kalitateari, erabilerari eta ikusgarritasunari garrantzi berezia emango zaio, betiere herritarren hizkuntza eskubideak errespetatuz", adierazi dute Udal ordezkariek.
Halaber zehaztu dute genero berdintasunaren arloan indarrean dauden legeak betetzea ezinbestekoa izango dela, eta elkarteak emakumeen eta gizonen parte hartze orekatua bermatu beharko duela. Adikzioen prebentzioaren inguruko legeak betetzea ere jaso dute hitzarmenean, "bereziki jarduerak adingabeei zuzenduta" daudenean.