Kulturen arteko "errespetua, elkarrizketa eta inklusioa" sustatzea du helburuetako bat Ndank Ndank elkarteak, "UNESCOk eta Nazio Batuek ezarritako helburuen ildotik", eta, horretarako, hainbat jarduera antolatu ditu. Maiatzaren 23an, egubakoitzean, esate baterako, Los Cayucos de Kayar dokumentalaren emanaldia izango da Seminarixoan, 19:00etan, eta, ondoren, Thimborekin solasaldia, dokumentaleko protagonistarekin: "Bere migrazio-esperientzia partekatuko du, eta migrazioaren errealitateari buruzko gogoeta egin".
Zapatuan, berriz, Mariaren Lagundia ikastetxeak antolatutako Azoka Solidarioa izango da, "bere proiektuei buruzko informazioa eskainiz eta bertaratutakoen artean elkartasuna eta konpromiso soziala sustatuz". Hala ere, ez da asteburuko ekintza bakarra izango, munduko bazkari eta dantzen bigarren edizioa egingo baita domekan, 13:00ean hasita, San Martin plazan –Seminarioko karpan izango da, euria eginez gero–: Latinoamerikako, Afrikako eta Asiako "plater tipikoak" dastatzeko aukera izango da, 5 euroren truke, eta Nikaraguako eta Senegalgo dantza tradizionalen emanaldiak egingo dira. "Bildutako dirua haurren beharrei erantzuteko poltsa sozial batera bideratuko da, tokiko ikastetxeekin lankidetzan. Ikasturte honetan, ekimen honek ahulezia-egoeran dauden ikasleen parte-hartzea finantzatu du hainbat jardueratan".
Lehiaketako sari-banaketa
Ndank Ndank elkartearekin batera aritu dira hainbat ikasle ikasturte honetan "migratzaileekiko enpatia eta elkar ulertzea sustatzen duten dinamiketan" parte hartzen, eta Miñan obra ere irakurri dute. Horrez gain, migrazio-errealitateari buruzko hausnarketa lehiaketa batean parte hartzeko aukera izan dute, eta egubakoitzeko ekitaldian, dokumentalarekin batera, banatuko dituzten sariak: Libe Ugartek, Aranzadi ikastolako DBHko 3. mailako ikasleak, irabazi du hausnarketa idatzia; Noa Chimenok, Mariaren Lagundiko DBHko 4. mailakoak, ilustrazioarena; eta ikastetxe eta maila berean dagoen Jokin Alberdik, azkenik, rap abesti originalarena.
Moda-bilduma, ikusgai
Ndank Ndank elkarteak "kultura arteko moda-proiektua" aurkeztu du aste honetan, eta jakinarazi du webgunean daudela ikusgai arropak: Senegalgo artisauek eginiko jantziak dira, eta nahi duenak eros ditzake Zirrimarrak diseinatutako jertseekin batera.