Bergarako Udalak, ohar baten bidez jakinarazi duenez, apelazio-errekurtsoa aurkeztu du Gipuzkoako administrazioarekiko auzien epaitegiak emandako 73/2025 epaiaren aurka. "Epai horrek Greene Waste To Energy S.L. enpresak udal ebazpen batzuen aurka aurkeztutako errekurtsoa onartu zuen, baina Udalak uste du epaia ez datorrela bat zuzenbidearekin". Bada, horregatik erabaki du, hain zuzen ere, errekurtsoa aurkeztea Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian.
2021ean hasi ziren, Udalaren hitzetan, Valogreene auziari lotutako gertakariak, Greene Waste To Energy S.L. enpresak eginiko eskari batetik: "Udalari jarduera jakin baterako –zehazki, industria minerala ekoizteko jarduera ekologikoa– bateragarritasun urbanistikoko txostena eskatu zionean, Larramendi industrialean garatzeko asmoz. Hala ere, enpresak Eusko Jaurlaritzari aurkeztu zion proiektua bestelakoa zen, paperean industriako azpiproduktuak tratatzeko jarduera proposatzen baitzuen", eta Udalak, horrenbestez, argudiatu du jarduera hori ez zetorrela bat udal planteamenduarekin. "Bergarako Udalak defendatzen du 2022 eta 2023ko ebazpenak legearen araberakoak direla, udalerriaren antolaketa egokia eta interes orokorra babesteko helburuarekin hartu baitziren".
Lege-esparrua errespetatuz
Udalak argi utzi nahi du "uneoro jardun duela lege-esparruaren barruan, eta bere asmo bakarra udalerriaren legezko ordenamendu urbanistikoa bermatzea izan dela". Are gehiago, erantsi du apelazio errekurtsoa legez ezarritako epearen barruan aurkeztu dela, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak izango duela epaiaren berrikuspena egiteko ardura.