Valogreene-n jarduera plan orokorrarekin bateragarria ez dela berretsi du Bergarako Udalak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko api. 11a, 12:02

Larramendiko industriagunea, iazko maiatzean.

Epaitegietan jarraitzen du Larramendiko plantaren auziak. Bergarako Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, Gipuzkoako administrazioarekiko auzien epaitegiak bertan behera utzi ditu, behin behinean, Udalak emandako "urrats batzuk". Horren aurrean, Valogreene Paper enpresak Larramendin eraiki asmo duen planta gaur egun indarrean dagoen planeamendu urbanistikoarekin bateragarria ez dela berretsi du Udalak, eta gogora ekarri EAEko Auzitegi Nagusiko auzibidea oraindik zabalik dagoela.

Gipuzkoako administrazioarekiko auzien epaitegiak Valogreene auzian Bergarako Udalak emandako urrats batzuk bertan behera utzi ditu behin behinekoz eta auzian interesatutako aldeei helarazi berri die epaia. Alegia, administrazioarekiko auzi-errekurtsoak administrazio-ebazpenak deuseztatzen ditu, baimen urbanistikoari dagozkionak, eta, Udalaren arabera, "ondoriorik gabe uzten dituzte, ez direlako zuzenbidearekin bat datozenak". 

Udala: "Epaiak ez du jardueraren egokitasuna sakonean aztertu"

Bergarako Udalak adierazi nahi du jaso berri den epaiak ez duela sakonean aztertu Valogreene Paper-en jardueraren egokitasuna Udalaren planteamendu urbanistikoaren testuinguruan: "Epaiak, hain zuzen, prozedura formalean izandako gorabeherak aztertu ditu, eta ez du jardueraren funtsaren inguruko ebazpenik eman. Are, zabalik dago oraindik  jardueraren auziari erantzungo dion Ingurumen Baimen Bateratuaren Auzia EAEko Auzitegi Nagusian".

Egungo planeamendu urbanistikoarekin ez da bateragarria

Udalaren iritziz, Valogreene Paper-ek planteatutako jarduera ez da bateragarria Bergarak gaur egun duen planeamendu urbanistikoarekin, eta, ondorioz, Udalak bere jarrera mantentzen du gai honen aurrean. Udalak bergararren interes orokorra lehenesten du, eta, betiere, udalerriko bizi-kalitatea eta garapen jasangarria bermatuko dituen erabakiak hartzen jarraituko du, legediak eta udal plangintza urbanistikoak ezarritako testuinguruan. Jasotako auzia sakon aztertu ondoren hartuko dira auzibidearen inguruan udalerriaren interesak defendatzeko hartu beharreko erabakiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak