Euskaraldia 2025

Yves Roos: "Pazienteek nire txapa ikusiko dute; helburua da euskaraz gehiago egitea"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko mai. 17a, 15:00

Hirugarren urtez hartuko du parte Euskaraldian Bergarako hamaikakoko kide Ives Roos (Gante, Belgika, 1971) dentistak.

Duela 18 urtetik bizi da Bergaran, eta hango Euskaltegian ari da euskara ikasten; beste urte batez, belarriprest izango da. Euskara harremantzeko garrantzitsua dela dio: "Bergaran bizi naiz, eta hemengo lehen hizkuntza euskara da. Hortz-klinikara etortzen diren bezeroekin lehen hitza, behintzat, euskaraz egiten dut. Orain, belarriprest izango naiz, eta gehiago egingo dut". Etxean ere euskaraz egiten du.

Gehitu du pazienteek dakitena dela Belgikako dentista dela, eta, hortaz, askok uste dutela euskaraz ez dakiela: "Baina ez da egia. Geroz eta gehiago ulertzen dut, eta belarriprest naiz. Pazienteek nire txapa ikusiko dute, eta helburua da euskaraz gehiago egitea". Dioenez, pazienteren bat edo beste harritu egin da euskaraz dakielako, baina jarraitzeko animoak eman dizkiote. Lagunarteko anekdota
bat ere kontatu du: "Hamar lagun zeuden berriketan, eta norbaitek esan zuen ni etorri nintzela-eta erdaraz hitz egiteko. Nik esan nien ez aldatzeko. Nire arazoa zen ez ulertzea, eta Euskaltegira joanda euskaraz ikasiko nuela esan nuen".

Flandierra eta euskara, parez pare

Flandiarra da Roos, eta gurean euskararekin gertatzen den antzerako zerbait gertatu zitzaion Belgikan: "Ni flandiarra naiz, eta kalean nindoala norbaitek zerbait galdetu zidan frantsesez. Frantsesa ez da gure lehen hizkuntza; flandriera da. Euskaraldiak balio du halako kontuez jabetzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak