Irizar jauregiaren atarian elkartu ziren atzo xaxautarrak hainbat bergararren babesarekin eta EAEko hiru hiriburuetako jaietako txosnen ordezkariek asteon egindako agerraldiko mezuarekin abiatu zuten agerraldia: "Hasi aurretik, aipatu nahi dugu, Bilboko Konpartsek, Donostiako Piratek eta Gasteizko Entxosnatu taldeetako kideek adierazi bezala, jaiak, gaur egun ezagutzen ditugun moduan, desagertzeko arriskuan daudela. Gero eta zailagoa da herri bezala jaiak antolatzea, aisialdia merkantilizatuta dagoelako, eta horrek oztopoak eta trabak ekartzen dizkigu irabazi asmorik ez dugunoi espazio publikoa erabiltzerako orduan; izan tramiteak egitean, kostuen garestitzean edo araudi berriekin".
Maiatzaren 31n Bilboko Miribillan (11:30) egingo den ekitaldira joateko dei ere egin zuten: "Tristea da horrenbeste maite dugun hau desagertzeko arriskuan ikustea irabazi asmoa duten jardunek lehentasuna dutelako".
Janari txosna egongo da aurten ere
Hori esanda, aurtengo jaiei begira jarri ziren. Aurten ere Bideberrin egongo da txosnagunea eta, iaz bezala, janari txosna ere egongo da; egubakoitzean, zapatuan eta astelehenean egongo da zabalik janari txosna, 20:00etatik 23:00etara.
Frontenis txapelketarekin abiatuko dituzte jaiak eta aurten ere baltsen jaitsiera egongo da; astelehenean izango da azken ekintza hori eta izen-ematea zabalik dago dagoeneko.
Bergarako Erraldoi Taldea omenduko dute
Xaxauk urtero omentzen du herriko eragile bat eta, atzoko agerraldian aurreratu zutenez, aurtengo eragile omendua Bergarako Erraldoi Taldea izango da: "Herri mailan, txikienetik hasi eta helduetaraino, herria dantzan jarri eta poztasuna sortzen duelako".
"Betiko funtzionamenduari" eusteko apustua
Xaxauk "betiko funtzionamenduarekin" jarraituko du: "Apustua egiten dugu eguneko egitarau osatu bat eta gaueko eskaintza zabal bat antolatzeko, adin tarte ezberdinetara moldatuko dena". Horrez gain, argi utzi dute Bideberriko txosnagunean ez dela inongo erasorik onartuko: "Ez dugu inongo erasorik onartuko, eta guztion ardura izango da txosnagunea garbi eta txukun mantentzea; beraz, ingurukoak errespetatu, eta garbiak izan. Gogoratu, ondo pasatu, pasatu gabe".