Ingeles Filologiako ikasketak egiten ari zela irakurri zuen lehendabizikoz Rafa Santxitz-Muxika itzultzaileak George Orwellen lehen eleberria, 18 urte zituela, eta hark idatzitakoak "harrapatu" egin zuela du gogoan. Azaldu duenez, urte batzuk geroago ekin zion lan hura itzultzeari, baina erretiroa hartutakoan eskaini ahal izan zion denbora gehiago, Lur jota Parisen eta Londresen lana euskarara ekarri duen arte.
Igela argitaletxearekin argitaratu du liburua bergararrak, eta Donostiako Udal Liburutegian egin zuten aurkezpena atzo, maiatzak 6. Han izan zen Inazio Mujika Iraola editorea, eta euskaratu berri dagoen Orwellen lanaz jardun zuten biek: hain zuzen ere, 1933an argitaratua da, eta ez da fikziozkoa, Pariseko eta Londreseko kale txiroenetan bizi zen gosea, gabezia, esplotazioa eta zabalkuntza islatzen baititu, besteak beste. Haien hitzetan, orrietan barna "argi geratzen da idazle konprometitua, demokrata eta ekintzailea" zela.
Hitanoaren erabilera
Leku askotan ibilitakoa zen Orwell, eta, horrenbestez, askotariko jatorrietako jendearekin egin zuen topo bizitzan zehar; elkartze horietan izandako pertsonaien arteko hizketaldiak kaleko hizkera erabiliz idatzi zituen jatorrizko bertsioan, eta Santxitz-Muxikak hitanoa erabili du elkarrizketa horiek euskarara ekartzean. Zehaztu duenez, sorterri bakoitzeko hitano mota bat erabili du, eta "hibrido samarra" gelditu da. Orwellek kontatu nahi zuena "euskara xalo eta irakurterraz batera ekartzen" saiatu da.