Erakusketa eta bisita gidatu bereziak Bergaran, Erroten Eguna ospatzeko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko mai. 7a, 10:07

San Juan auzoko Elortza-Bolua baserriko errotara bisita, iazko Errota Egunean.

Gipuzkoako laugarren Erroten Eguna ospatuko da maiatzaren 18an, eta Bergaran bi ekintza nagusi antolatu dituzte: hilaren 10ean Aroztegin irekiko duten erakusketa eta hilaren 18ko bisita Elortza-Bolua baserriko errotara; bisitarako, izena eman behar da (943 77 91 56).

2022an antolatu zuten lehen aldiz Gipuzkoako Erroten Eguna, erroten "garrantzi historikoari, teknologikoari, antropologikoari eta etnografikoari" balioa emateko. Ekimen hori Udalaren, Yurrita elkartearen eta erroten azterketa eta kontserbaziorako ACEM erakundeen arteko lankidetzaren emaitza da. Udaleko zinegotzi Maite Usabiagaren arabera, "garrantzitsua" da erroton historia berreskuratzea.

Erakusketa eta bisita gidatua

Bergaran bi ekintza nagusi antolatu dituzte. Batetik, Bergarako errotak erakusketa irekiko dute Aroztegin zapatuan, hilak 10; irekiera ekitaldia 12:00etan egingo dute, eta hilaren 18ra arte egongo da zabalik. Bestetik, San Juan auzoko Elortza-Bolua baserriko errotara bisita egingo dute hilaren 18an (12:00); bisitarako, izena eman behar da: bergara.eus edo 943 77 91 59. Errota hori aspaldi ez da martxan jarri, bertako bizilagun Amaia Zabaletaren arabera: "Laga zen moduan dugu errota. Halako ondare bat ondo kontserbatu behar dela transmititu ziguten arbasoek. Istorio asko entzun ditugu errotez, besteak beste, gerraosteko goseterako zein garrantzitsuak izan ziren argitzen dutenak".

Bergarak 40 errota izan zituen

Iraganeko garrantzi ekonomikoa galduta, errotek balio handia dute gaur egun ondare ikuspegitik. Debagoienean Bergara izan zen errota gehien izan zituen herria, eta, Bergarako errotak izeneko liburuaren egile Patxi Larrañagaren arabera, 40 errota edo bolu izan ziren Bergaran garai batean: "Askotariko erabilerak zituzten errotek, baina imajinatu zenbat garo eta arto egongo zen Bergaran eta inguruetan 40 errotari jaten emateko...".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak