Nola oroitzen duzu haurtzaroa Liman?
Maitasunez beteta. Beti egon nintzen goxotasunez eta maitasunez inguraturik; bai familian, bai ikastolan, baita inguruan ere. Perutarren ezaugarri bereizgarria da gure eskuzabaltasuna, adeitasuna, heziketa, errespetua, umiltasuna eta gertutasuna. Gure bihotzeko ateak beti zabalik daude. Balio eta printzipio sendoak dira horiek, jaiotzatik barneratu dizkidatenak.
Zer izan zen zuretzat 5 urterekin hango bizitza utzi eta Bergarara etortzea?
Inguruaren eta hizkuntzaren aldaketa. Adin horretan ez duzu guztiz ulertzen zer gertatzen ari den, baina zerbait garrantzitsua aldatu dela sentitzen duzu. Nire familia, etxea, eskola eta bizitza erabat egina eta egonkorra utzi nituen Liman. Horrek min ematen zidan. Faltan igartzen nituen eta negar egiten nuen, baina, aldi berean, dena berria zen eta jakin-mina sortzen zidan.
Ohitzea kostatu zitzaizun?
Ez. Nire bizitza faltan sumatzen nuen arren, umetatik izan naiz oso pertsona proaktiboa, positiboa eta erabakitzailea. Nire izaerari eta jarrerari esker, nostalgia gorabehera, gaitasun handia izan nuen aldaketetara egokitzeko eta egoera bakoitzetik onena ateratzeko.
Hona iritsitakoan, ezerk harritu zintuen?
Kaleak hutsik ikusteak; jende, zarata, musika eta hainbeste ekitaldi gabe. Metropolia eta hondartzak gogoratzen nituen. Ohituta nengoen bizitza handia zeukan hiriburu batean bizitzera.
Limako eta Bergarako hezkuntza sistemetan aldea nabaritu zenuen?
Sekulakoa. Liman, 4 urte nituenerako, banekien batuketak eta kenketak egiten, baita irakurtzen, idazten eta gai konplexuak ulertzen ere. Hemen, ordea, eskolan, sarritan marrazten ibiltzen ginen, eta horrek, azkenean, aspertu egiten ninduen. Gehien maite nuena eta estimulatzen ninduena euskara ikastea zen. Bestalde, irakasleek ikasleekin duten erlazionatzeko modua
oso desberdina da. Harritu egin ninduen irakasleak haurrekin zuen interakzio eta harreman eskasak; eta, egotekotan, seriotasunetik eta distantziatik zela. Nire Limako irakasleek zeukaten maitasuna eta goxotasuna oso bereizgarria zen. Perun irakasleak hasiera-hasieratik daude inplikatuta haurraren etapa guztietan. Gainera, Peruko hainbat gauza ere ikasten genituen, hala nola herrialdearen aberastasuna, historia, tradizioak, ohiturak, artea eta abar. Horrez gain, Hezkuntza Zibikoa Baloreetan diziplinarteko ikasgai aparta nuen, Peruko ikastetxeetan ematen dena ume garenetik, eta hona iritsi berria dena Balio Etikoak izenarekin. Ez da irakasgai isolatu bat, hemen bezala, Peruko Hezkuntza Sistemako ardatz transbertsala da: haren irakasgai espezifikoa izateaz gain, gainerako arlo eta irakasgaietan ere lantzen da, beren edukietatik aplikatuz.
Arrazakeriarik sufritu duzu?
Bai, noizbait. Gainera, pertsona horiek beste kultura batzuekiko ere izan dituzten jokabide, jarrera eta adierazpen arrazisten lekuko izan naiz, eta hori desagerrarazi egin behar da. Gaur egun, euskal ingurune zoragarri eta onekoa naiz.
Zer igartzen duzu faltan handik?
Familia, jendearen berotasuna, umore bereizgarri hori eta Peruko gastronomia enblematikoa mundu osoan –500 plater tipiko baino gehiago daude–, bakoitza bere berezitasun eta zaporeekin, gure kultura eta tradizioen isla, munduko sukaldaritza helmugarik onena aitortua dena.
Esango zenuke garrantzitsua dela kultura-aniztasuna?
Erabat. Pertsona eta gizarte osoa aberasten du. Gogamena zabaltzen dizu eta mundua hainbat prismatatik ulertzera gonbidatzen zaitu. Gizarte plurala gizatiarragoa da eta harmonian elkar-bizitzeko prestatuago dago.
Bergararra sentitzen zara, ala?
Bai, noski, beti sentitu naiz bergararra, eta nire aberriari diodan maitasun ikaragarri hori beti egongo da nire bihotzean. Bi kulturak nire baitan eramatea aberasgarria da, mundua bi prismetatik ulertzeko aukera eman baitit. Zorionekoa naiz hain baliotsuak diren bi errealitate batu eta konbinatzeagatik, bien onena fusionatuz.
Lima eta Bergara, parez pare: bi munduen edertasuna, bihotz bakarra
Modu natural eta errazean ikasi zuen euskaraz Rose Marie Mezak. Argi utzi du hasieratik izan zuela euskara, bertako hizkuntza, ikasteko gogoa. Aurrez aurrekoan nabari da Bergarako euskara menperatzen duela. "Eskolan irakasle batekin euskarako errefortzuak izaten nituen eta arratsaldeetan Jardun Euskara Elkartera joaten nintzen. Irakasle haiekin oso lotura berezia eta esentziala den konexioa garatu nuen", dio Mezak.
Perutarren eta euskaldunen arteko antzekotasunak ere atzeman ditu; besteak beste, naturarekiko maitasuna eta nortasunarekiko harrotasuna. Ezberdintasunak ere baditugula dio; gehienbat, jarreran eta jokaeran: "Perutarrak adierazkorragoak eta efusiboagoak gara; euskaldunak, berriz, erreserbatuagoak, baina, behin konfiantzan, zabaldu egiten dira".