Bergarako altxor monumental ugari lorategiz apaindu zituzten nobleek XVIII. mendetik aurrera, eta jatorrian ez bezala, gaur egun toki publikoak dira. Horien historia eta bitxikeriak azaldu ditu gaur, bisita gidatu batean, Peio Irizarrek, Laboratorium museoak antolatuta.
Eraikin horren kanpoaldean eman ditu lehen azalpenak: "Aro Modernoan euskal jendarteko elitea bizi zen Bergaran, Villafranca del Gaitan familia eta Peñafloridako kondea, esaterako. Egungo Laboratorium museoa familia haren jabetzako jauregia zen eta lursail handiak zeuzkaten inguruan. Ortu eta fruta-arbolekin hornitutako gune pribatuak ziren, ureztatzeko sistema eta guzti. Garai hartan, boterea erakusteko modu bat zen zuhaitz exotikoak landatzea. Horregatik daude lorategi honetan ginkgo biloba txinatarra, irasagarrondo japoniarra eta sekuoia".
Erdi Aroko fatxada, Koldo Eleizalde jaio zen etxebizitza, izan da hurrengo geltokia, eta aprobetxatu du hiribilduan bizi ziren herritar xehek ere euren etxebizitzetan ortuak bazeuzkatela aipatzeko: "Baina urteak aurrera joan ahala biztanleriak gora egin zuenez, etxebizitzak handitu eta ugaritzearen ondorioz ortu horiek desagertzen joan ziren".
Bien bitartean, hiribilduaren aldamenetan lorategiak eratzen jarraitu zuten nobleek, haientzat "bizitzaren oinarrizko elementua" izanik. Errotalde jauregikoak funtzio hori betetzen zuen: "XIX-XX. mendeetan, Valleko konteak bere jabetza horietan lorategi polita zeukan, argazkietan ikusten den bezala. Enborrak bankutxoz inguratuta, aisialdirako eta atseden hartzeko aproposak".
Ingelesak eta frantsesak
Irizar jauregiko lorategiak, jatorriz Urrutia-Ezpila izenekoak, badu berezitasun bat: "Frantziar estilokoa da, ingeles estilokoak baino geometrikoagoa eta inausiagoa. Izan ere, Bergaran ditugun lorategi gehienak ingeles estilokoak dira, baso itxurakoak, alegia". Zehaztu du estilo frantseseko lorategiak izan zirela lehenengoak ezartzen, baina XVIII. mendetik aurrera ezaugarri ingelesekoak jarri zirela bogan.
Eta erlijio kutsuko eraikinei buruz ere egin du berba Irizarrek. "Moja Zaharren komentu barruan badaude eta lorategiak", esan du.
Olaso dorreko lorategian bukatu da bisita gidatua, aparteko aipamena merezi duen magnoliaren aurrean. "Eusko Jaurlaritzak babestutako 25 zuhaitzetako bat da; XVIII. mendekoa izanik, historia handiko magnolia daukagu hemen".