Euskal literaturan zehar "bidaiatzea" eta "bere botere ezkutuak deskubritzea" du proposamentzat Deabruaren Eskola elkarteak ekoiztu duen lehendabiziko ikuskizunak, eta, hain justu, Bergarako Seminarixoan izango da gaurkoan, Euskal literaturaren historia sobrenatural bat izenpean, Irati Jimenez idazleak gidatuta.
Jimenezen hitzetan, "gure literaturaren irudi desitxuratua jaso dugu mendeetan zehar", eta uste du horri aurre egitea dela ikuskizunaren helburu nagusienetako bat: "Behin eta berriz esan zaigu, ezagutzarik gabe baina mespretxu handiz, abadeak idatzitako literatura pobre bat izan dugula, eta errepikatzearen errepikatzeaz sinetsi egin dugu, baina, ondo pentsatzen badugu, izendapen horrek ez digu ezer ezer esaten eta, are okerrago, garena ezkutatu egiten du". Horrenbestez, euskal literatura hori baino gehiago dela erakustea dute xede sortzaileek: "Euskal literaturaren botereaz jabetzen bagara, geure botereaz ere jabetu egiten gara, eta orain arte ezezagunak zitzaizkigun lurraldeak deskubritzen baditugu, eta horiekin liluratzen bagara, gure edertasuna da deskubritzen duguna, gure burua maitatzeko bide bat zabaltzen zaigu".
Oinarrian dagoena
Literaturari buruzko "saiakera apasionatua" da Jimenezek 2021ean argitaratutako Begiak zabalduko zaizkizue lana, Olaso Dorrea Fundazioko kideen hitzetan, "estilo natural, garden eta zuzenean idatzitako lan dibulgatiboa, irakurleei laguntasunez hitz egiten diena eta literaturari buruz maitasunez hitz egiten duena". Bada, lan horretarako eginiko ikerketa lana da Euskal literaturaren historia sobrenatural bat izeneko ikuskizunaren oinarrian dagoena.