Betea dator, urtero bezala, Erramu-zapatua, udaberriko oporrak badatozen iragarle. Gaur bertan hitzordu berezia izango dute bertso-zaleek, urtero moduan goi mailako bertsolariak izango dira-eta bezperako saioan: Oihana Iguaran, Beñat Gaztelumendi, Nerea Ibarzabal, Jon Maia eta Onintza Enbeita. Gai-jartzaile, ohitura denez, Ibon Leibar Txinbo arituko da.
Eta Txinbo-k berak egin dio saioaren gaineko aurrerapen txiki bat GOIENAri: "Urtero bezala, punta-puntako bertsolariak izango ditugu; espero dugu Seminarixoa betetzera helduko garela. Erramu-zapatu bezperako saioa ederra izaten da beti, eta ziur nago aurten ere halaxe joango dela. Gaurkotasuneko bizpahiru gai egongo dira, eta gainerakoa umoretik eta jolasetik joango da. Gure helburua da saio bizia irtetea. Seminarixora doan bertso-zaleak ondo pasatzea nahi dugu, eta haren barrea eragitea; horrez gain, hausnarketarako tarteren bat eragiten badugu, ondo baino hobeto. Gainera, badakigu bertsolariendako plaza ederra izan ohi dela Erramu-zapatukoa, eta Seminarixoa areto bikaina da bertsotarako".
Postuak, bereziki hiru gunetan
Ez dago Erramu-zapatua ulertzerik goizeko feria barik. 09:00etan irekiko dute azoka, eta, ohi bezala, herriko zenbait gune hartuko ditu. Ibargarai kalean eta Seminarioko patioan abelburuak izango dira protagonista; 50 bat abelgorri, ardiak eta ahuntzak –40 bat buru–, zaldiak eta behorrak –25 buru– eta idiak izango dira, besteak beste. Ibargarai kalean ere, Simon Arrieta plazarekin batera, bertako eta inguruko ekoizleen elikagaiz osatutako 49 postu egongo dira. San Martin plazan, berriz, artisauen postuak izango dira nagusi; plaza eta Seminarioko patioa aintzat hartuta, 67 postu espero dituzte.