Ikuskizun bikaina eskaini arren, Arrate Bergarak ez du txapela lortu

Sara Lanz 2025ko api. 6a, 15:20

Arrate Bergara eta Olatz Arrizabalaga txapeldunordeak. Argazkia: EITB

Domeka eguerdian jokatu da Emakume Master Cup txapelketako elite mailako final handia Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan, harmailak bete-bete eginda. Debagoienetik joandakoek arretaz jarraitu dute bergararraren lehen finala.

Arrate Bergarak Olatz Arrizabalaga gernikarrarekin osatu du bikote gorria, eta faborito modura atera dira kantxara. Aurrean, baina, sendo aritu dira Miriam Arraiza donostiarra eta Enara Gaminde laukiztarra. Azkenean, 22 eta 18 nagusitu dira urdinak, eta 2025eko Emakume Master Cup txapeldun bilakatu.

Norgehiagoka oso parekatua izan da. Hasieran, gorriek erritmo bizia jarri dute eta aurretik joan dira, baina partidua aurrera joan ahala, Arraiza eta Gamindek markagailua berdindu eta aurrea hartu dute. 18nako berdinketaren ondoren, azken tantoetan eraginkorrago aritu dira, eta txapela eurena egin dute. Gainera, azpimarratzekoa da azken bi hauek duten adinarekin erakutsi duten nibela.

Arrate Bergara eta Olatz Arrizabalaga, Bergararen kuadrillarekin. 

Bergarak lan bikaina egin du bere lehen finalean, adorez eta segurtasunez jokatuz. Hasierako tantoetan Arrizabalagaren laguntza izan du, baina bigarren zatian gorriek akats gehiago egin dituzte, eta horrek baldintzatu du bukaerakoa. Kasu honetan, Hiru Hiriburuko txapelketan bezala, Bergararen neba aritu da botilero lanetan.

"Nahiko gogorra" izan den partidua dela azaldu du Bergarak, aurkariek euren estrategia jarraitu dutela esan du: "atzean kargatzen jokatu dute, eta hori gogorra izan da". Irabazteko aukerak izan dituztela adierazi du pilotariak: "tanto gutxi batzuengatik partidua joan zaigu, eta triste goaz". 

Txapelketa historikoa

Aurtengo edizioa txapelketa historikoa izan da, inoizko luzeena eta parte-hartze handiena izan duena, abenduaren 26an hasi eta gaurko finalarekin amaituta. 90 pilotarik hartu dute parte elite mailakoan, horietatik hiru izan dira debagoiendarrak –Arrate Bergara, Uxue Oses eta Madalen Etxegarai–. Gaurko laukotea aurretik ere ikusi ahal izan dugu pilotalekuan, otsailean, Eskoriatzak, Bergara eta Arrizabalaga 22-16 nagusitu ziren bikote urdinaren aurka.

Debagoiendarrak promesen mailan

Promesen mailan, ere izan dira debagoiendarrak protagonista, Irati Betegi aretxabaletarra eta Olatz Insausti antzuolarra arituko dira Alize Sagardui eta Nahia Bertizen aurka. Elite mailakoan bezala, partida oso gogor eta luzea izan da, piloteo askokoa. Hamazazpinako berdinketa ere eman da baina ihes egin die txapelak Betegi eta Insaustiri, azken tantoa Sagardui eta Bertizentzat izanda: 17-18.

Olatz Insausti antzuolarra eta Irati Betegi aretxabaletarra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak