Puntua aldizkariaren 448. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Errioxako Anguciana herrian bizi da Amaia Zubiria, jendaurreko jardunetik erretiratuta. Hamabost disko baino gehiago utzi dituen ibilbidearen arrastoa, baina, argia da, eta Monzon-Ganuza saria, ibilbide horri eta beste hainbat gauzari buruz hitz egiteko aitzakia ederra.
Nola harrapatu zaitu Monzon-Ganuza sariak? Bizitzako zein momentutan?
Ez dakit azkenengo momentuetan esan... Aurrenekoetan, behintzat, ez! [Barre] Momentu onean heldu zait; pasatu ditut momentu larri samarrak, eta bazirudien horraino helduko nintzela, baina ez! Bergarako alkateak deitu zidan saria emango zidatela esateko, eta saria existitzen zenik ere ez nekien. Egia esan, mundutik nahiko aparte nago; ez bakarrik Errioxan bizi naizelako, baizik eta nahigabe, baina apur bat nahita ere bai, nolabaiteko mozketa bat egin nuelako. Telebista apur bat ikusten dut, baina, batez ere, pelikulak ikusten ditut, irakurri egiten dut eta idatzi ere bai, nahiz eta azken horrek bizkarreko mina ere ematen didan.
2021ean, Donostiako Udalaren Adarra saria jaso zenuen; aurten, Monzon-Ganuza. Zubietan jaio zen Amaia Zubiria hark pentsatuko zuen inoiz ere musikari moduan egindako ibilbideagatik hainbeste errekonozimendu jasoko zuenik?
Lehendabizi, esan behar da ni handik aspaldi bidali nindutela, eta gutxitan joaten naiz. Kantaria izatea beti nuen buruan, horixe zen nire ametsa; paretara begira jarrita ere bai, han publikoa aurkitzen nuen eta abestu egiten nuen. Sariak ez ditut askorik estimatu izan; akaso, pentsatzen duzulako ez dizkizutela sekula ere emango. Ematen dizkizutenean, baina, gauzak aldatu egiten dira. Adarra saria eskaini zidatenean, eta hura ere ez nekien existitzen zenik, nolabait, indiferentziarekin hartu nahi izan nuen. Baina berehala hasi nintzen biguntzen; jendeak deitu egiten zidan, merezi nuela esaten zidan... Arazo gehiago izaten dut prentsa idatzian azpimarratzen denean ahots gozoa dudala, lehengo kantuak berritu ditudala... Eta hori polita da, transmisioa delako eta oso gustura egiten dudalako. Baina oso gutxi esaten da ez dakit zenbat kantu egin ditudala, batzuetan melodia eta hitzak nireak direla, pelikularen baten musika ere egin dudala... Sormen lana ez da hainbeste aipatzen, gehiago aipatzen da interpretazio lana. Eta denak du garrantzia, baina ederra izateak meriturik ez duen bezala, ondo kantatzeak ere ez du hainbesteko meriturik; meritua, izatekotan, izan beharko du zuk egin duzuna zabaltzeak, jendeak urteekin ikasteak edo deskubritzeak... Gustatuko litzaidake hori bizirik nagoen bitartean entzutea eta ikustea.
"NIGAN EZ DA POSIBLE MUSIKARI MODUAN GAUZA BAT SENTITZEA ETA PERTSONA MODUAN BESTE BAT"
Hasieran, zure etxean musikaria izatea ez zen aukera bat; zerk bultzatu zintuen gurasoei men egin beharrean isilpean musika lehiaketetan parte hartzera?
Beti saiatzen nintzen ezer ere ez irabazten. Hala ere, behin zerbait irabazi nuen eta prentsan agertu nintzen, nerabea izanda oso itsusi agertzen nintzen argazki batekin; azalarekin ordaindu nuen hori! Oso gogorra izan zen. Baina egoskorra nintzen, baita oso isilean ibiltzekoa ere, etxean uste zutelako dena bekatua zela. Zergatik jarraitu nuen? Akaso, bizio bat zelako, baina baita eginbehar bat bezala ikusten nuelako. Ez misio bat izatearen zentzuan, e? Pentsatzen dut margolari batek irudiak eta koloreak ikusi eta horiek atera beharra sentitzen duen moduan, musikan ere hori gertatzen dela. Bertsolariengan ere ikusten dut hori; aitarengan, adibidez. Alkoholikoa zen, baina baita bertsolari ona ere, eta hark ere ordu asko ematen zituen erdi isilik hitzak non kokatu pentsatzen. Hurrengo batean, ezer esan gabe han botako zuen bertsoa mahaian; oso gauzak politak egiten zituen, baina, noski, ez genion kasurik egiten.
Bi urte barru, 50 urte beteko ditu parte hartu zenuen lehen diskoak: Haize taldearen Haizea-k; bazara horrelako gauzak gogoratzekoa?
Ez nuke nostalgiarekin bizi nahi, atzeraka begiratzen. Baina, noizbehinka, entzuten dut musika eta gustatzen zait nik, edo nire lagunek, edo elkarlanean egindako musika entzun eta ona iruditzen zaidanean zenbat gozatzen dudan ikustea. Aspaldi entzun ez dudan nik edo guk egindako zerbait entzuten badut eta gustukoa badut, harro jartzen naiz, egoa puztu egiten zait.
Zenbat aldatu da urteekin musikarekin duzun harremana?
Hasi zineneko eta gaur egungo harreman bera da? Beti pentsatu izan dut musikak berak utziko ninduela, ahalmenak joan egiten direlako; jende guztiari joaten bazaizkio, niri ere joan beharko zitzaizkidan. Gertu nengoen horretarako, eta, neurri batean, horrela gertatu da. Baina harremana bera ez da askorik aldatu. Irratian-edo musika entzun eta gustatzen zaidanean, benetan entzuten jartzen naiz eta horrekin gozatu egiten dut. Inbidiarik-eta ez dut pasatzen, banekielako horrela izango zela; baina eskerrak ematen dizkiot bizitzari, gozamen horren jabe naizelako. Badira gauza batzuk batere interesatzen ez zaizkidanak, beste musika baten kopia iruditzen zaizkidalako, adibidez. Baina jende gazteak edo lehen gazteak izan arren dagoeneko koskortu daudenek egindakoak entzuteak eta ikusteak nire musika- zaletasuna bermatzen dute.
Nostalgikoa ez zarela ez esan arren, zure ibilbideko zein zatitan sentitu zara gusturen musikari moduan?
Pertsona moduan behar du izan, ezin duzulako musikari moduan gauza bat sentitu eta pertsona moduan beste bat; nigan hori ez da posible. Egia da musikan zerbait ederra iruditzen bazitzaidan eta hori grabatzeko modua izan dudanean, egin dudala; hamasei alditan grabatu ditut diskoak. Zorte handi hori izan dut; baina hori landu ere egin behar da, demostratu egin behar delako. Nik ez dut aukerarik izan, jende ponposoak egiten duen bezala, psikiatrarengana joateko, eta musikak balio izan dut horretarako. Nik musika ez dut ikasi, baina pixka bat berezkoa ere izan dut jaiotzetik; horregatik sentitzen naiz bertsolariengandik oso gertu. Zaborrontzira bota ditudan gauza txar asko egin ditut, baina etorria ere izan dut eta asko gustatzen zaizkidan gauzak ere egin ditut. Bere garaian, gauza asko aurpegiratu ere egin zizkidaten: ez nintzela borrokalari petoa, euskaltasun aldetik ere hor-hor nenbilela... Beste bolada batean, maiz esaten zidaten: "Euskal Herrian dauden poetekin, nola ausartzen dira kantuetan zure hitzak jartzen?". Eta horrekin pentsatzen jarri behar izan nuen, nahiz eta ez nuen maite beste batek behartuta pentsatzen jartzea. Eta ondorioa izan zen banekiela seguruenik pertsona batzuek nire kantua ederragoa egingo zutela, euskara zainduagoarekin; baina nik, batez ere, nire sentimenduak agertzeko momentuan nire esateko modua nuela. Badakit poesia egiten duten poeta bikainak daudela, asko gustatzen zaizkit eta irakurri izan ditut. Baina ezin dituzte nire sentimenduak nik esango nituzkeen moduan agertu, eta hori faltsua iruditzen zait; ez zait nire istorioa iruditzen.
"LEHEN EMAKUME BAKARLARI GUTXI GINELA ESATEA MITOA DA; BETI IZAN GARA KANTARI ASKO"
Hori horrela, zure abestiak noiz konposatu zenituen ikusita jakin daiteke konposatzeko momentu hartan zer ari zinen bizitzen?
Beharko lukete, baina, agian, ez, eta ez dakit asmo hori nuenik ere. Nik bai nahi dut ulertua izatea; tontokeria bat da norbaitek esatea kantuak beretzat egiten dituela. Nik maite dudan jendearentzat eta jende guztiarentzat egin ditut kantuak, partekatzeko; beste kontu bat da jendeak nahi ez izatea. Baina nik inoiz maitaleren bat izan badut, eta izan ditut, harekin bizi dudan hori nik esan behar diot; ezin dio beste inork esan zer sentitzen dudan, zer min egiten didan edo zergatik alde egiten dudan. Batzuek ulertuko dute zein garaitan idatzi dudan abesti bat, zer pasatzen ari naizen edo zein pozik nagoen, baina ez zein urtetan den. Eta beharrik ere ez!
Monzon-Ganuza saria zuretzat izango zela iragarri zutenean, esan zuten zure diskurtsoak maitasuna, borroka eta utopia uztartu dituela; ados definizio horrekin?
Ados, bai! Ni militantea izan naiz nire musikarekin; nahi baduzu, akaso, ez naiz hain politikoa izan, edo bai. Azkenean, nahi eta nahi ez, esaten eta egiten dugunarekin denok egiten dugu politika. Sentimenduetan militatu egin dut; erromantizismoan, ez. Garai batean, akaso, bai, baina gero, gainezka egin zidan. Eta utopiarik gabe ez dago ezer, ezin dugu ezer ere egin: gure eskuak eta izpirituak oso ahulak dira, baina utopiak airean eramaten gaitu sinistu egingo bagenu bezala, azkenean sinisteraino.
Azken urteetan euskal musikan emakume bakarlarien loraldia gertatu dela esan daiteke; ematen dizu inbidiarik? Izan ere, zure garaian ez zineten asko bakarka ari zinetenak, ezta?
Inbidiarik ez, izugarrizko poza! Eta, nik, gainera azken urteetan jende gazte horrekin kantatzeko zortea izan dut. Ez jende famaturekin eta inportanteenekin, baizik eta ateratzen ari ziren loretxoekin; hori egitean, erreginak ere ez ziren ni bezain ondo sentitzen. Dena den, barkatuko didazu esatea, baina mito hutsa da nire garaian gutxi ginela. Beti izan da kantari asko; hala ere, batzuk Iparraldean bizi ziren, edo ez ziren hain ezagunak. Ni askotan egoten nintzen Maite Idirinekin kantatzen eta hark egindako lanak entzuten. Gertatzen dena da, agian, orain aukera gehiago daudela edo gauza gehiago antolatzen direla. Dena den, niri beldur pixka bat ere eman izan didate betidanik antolatzaileek, ez dituztelako gauzak egiten artistek behar dituzten bezala, haiei komeni zaien bezala baizik: zerk ematen du diru gehiago, zer dagoen modan... Halere, badago oso ona den jende pila bat; eta ez badira, norbaitentzat badira, badute haien publikoa. Eta hori, publikoa fidelizatzea, oso zaila da.
Nola ikusten duzu euskal musikaren panorama?
Oso ondo, beste edozein panorama bezain ongi. Kontuan izan behar dugu herri txiki bat garela, eta, hala ere, publiko ikaragarria dugu, denetatik eta denetara joaten dena. Eta, gainera, bero txalotzen dutenak, edo sentimenduzko zerbait kantatzen dugunean negar egiten duena, edo isilik egoten dakitenak ere bai. Giro bat dago, eta hori landu egiten da. Nire ustez, sekula ez da hain osasun onean egon. Diskoetxeek ez dute horrenbeste esango, ez dagoelako lehengo negoziorik; gaur egun, edozeinek izan dezake musika etxean, disko baten beharrik gabe. Nik nahiago ditut diskoak, hobeto entzuten dudalako; baina ez zait iruditzen gaizki gaur egun dauden beste moduak erabiltzea. Norberak jakingo du nola jaten eta edaten duen musika eta horrek nolako digestioa eragiten dion.
"NIRE USTEZ, EUSKAL MUSIKAREN PANORAMA EZ DA SEKULA HAIN OSASUN ONEAN EGON"
Izan zinen Martxoaren 8ko manifestazioetan?
Ez; apenas ateratzen naiz kalera, besteei uzten diet tokia. Baina telebistatik dena jarraitzen dut. Badakit taldeak oso zatituta daudela; baina noiz ez? Orain urte gutxi, batzen hasi ziren, elkartzen eta finkatzen, baita ere politizatzen. Hori ondo dago, baina ez du irauten: gauzak mugitu egin behar dira, eta norberak eutsi egin beharko lioke norbere nortasunari eta burujabetasunari. Mugimendua dagoen bitartean... Gauza batzuek beldurra ematen didate, ez naizelako eskuin muturrekoa, ezta gutxiago ere! Baina beldurrarekin ez zoaz inora, ez dizu indarrik ematen.
Zeure bertute bat eta akats bat azpimarratu beharko bazenitu, zeintzuk izango lirateke?
Bertuteak asko ditut, eta akatsak gehiago! Eta, gainera, maniak ere baditut! Gezurra gorroto dut, nahiz eta ez zaidan gustatzen gorrotoa sustatzea. Ez da inor ere behartu behar egia esatera, baina gezurra ere ez dago zertan aguantatu. Gezur politikoak, edo itxurak gordetzeko inguruan esaten direnak, ez ditut maite.
Igartzen dituzu faltan agertokiak?
Ez! Orain, ekitaldi kulturalen ikuslea eta entzulea naiz; ikusten baditut eta ez badut lorik hartzen, seinale ona! Dantzan, musikan, zineman... orokorrean, inbidiagarri gabiltza. Adarra saria eman zidateneko ekitaldikoa izan zen egin nuen azken kontzertua, Victoria Eugenian, eta musikaren bidea nirekin egin dutenetako asko elkartu ginen bertan: musikariak, epaile moduan egindako lanetan saritu nuen jendea... Oso gozagarria izan zen; nire agurra, nire zirkuluetako baten itxiera.