Aitatasun aktibori begira aurrerapausoak eman direla dioen arren, uste du badagoela zer berrikusi: "Gizontasun tradizionaletik datozkigun ezaugarriak ondo aztertu behar ditugu"
Zein kargu jarri galdetu dizudanean esan didazu maskulinitate berrietan aholkularia jarri beharrean gizontasuna jartzeko; zergatik?
Badagoelako eztabaida bat hor ere. Arazoa edo landu beharrekoa ez da horrenbeste maskulinitatea, baizik eta gizontasuna. Ñabardura bat da, baina aintzat hartu beharrekoa; emakumeek ere badute maskulinitatea, baina hor ez dago arazorik. Gizonoi gizon egiten gaituen hori litzateke berrikusi beharrekoa.
Jabekuntza Eskolari esker, gizonei zuzendutako saioa gidatu zenuen atzo; zer landu zenuten?
Hausnarketa esparru bat eskaini genuen, aitatasunaren rolaren bueltan. Asko hitz egin da feminismotik amatasunaren inguruan, asko dago idatzia arlo horretan. Eta, beste behin ere, gizonok ez dugu arlo horretan behar beste aurreratu. Hutsune bat ikusten dugu. Hala ere, argi dago aldaketak eta aurrerapausoak izan direla, eta horiek aitortu egin behar dira; aitatasuna gaur egun ez da duela 20 urtekoa, baina badaude gauza asko berrikusi beharrekoak. Ikastetxeetako guraso bileretan, esaterako, nabarmena da amak direla gehiengoa. Zeintzuek dakizkite medikuaren txandak? Norena da eskolatik antolatutako txangora umeak behar dituenak jakiteko ardura? Halako ardurak amenak izaten dira ia beti.
Zein ezaugarri bete beharko lituzke aitatasun aktibo, arduratsu eta feminista batek, zure ustez?
Gizontasun eta aitatasun tradizionaletik datozen ezaugarriak ondo aztertu behar ditugu, ez bazaizkigu komeni ezaugarri horiek alboratu ahal izateko. Hor dago lehen gakoa, lehen puntu kritikoa, ez delako erraza izaten ezetz esatea guk ikusi eta bizi izan ditugun rol horiei. Askotan, trikimailua izaten da tradizionalaren aurka egitea. Adibidez, aitatasun tradizionalak badio dirua ekartzea dela lehentasuna umearekin denbora igaro baino lehenago, lehentasuna aldatu beharko litzateke eta umearekin kalitatezko denbora igarotzean jarri arreta. Beste ezaugarri bat izan daiteke askotariko emozioen adierazpena; hau da, ez bakarrik adieraztea oso haserre edo oso pozik egotea, baizik eta tristura edota beldurra ere adieraztea. Azken finean, umeari emozio guztiak adierazteak konfiantza lantzen laguntzen du. Aldaketa eragiteko gakoa da aitak zaintzan jartzea arreta.
Ez da erraza izango saio baten ostean aldaketa sakonak eragitea, ala?
Helburua ez da saio honi esker bizitza osoko aldaketa bat eragitea, baina zerbaitetan urrats bat egin badaiteke eta aldaketa txiki bat eragin, gu pozik.
"Ez da gauza bera aita batentzat nerabezaroan dagoena semea edo alaba izatea"
Nolako erreakzioak eragin ohi dituzte halako saioek?
Aita batentzat aldagai oso garrantzitsua izan ohi da semea edo alaba izatea eta zein adinetakoa. Aita batek semearen nerabezaroa oso lasai bizi dezake eta adin bereko alaba duen aitak, berriz, beldur eta zalantza handiekin. Hori bai ikusi dudala saioetan, ez dela bera jendarte honetan neska edo mutiko bat haztea.
Zure esperientziatik, zergatik dira garrantzitsuak Jabekuntza Eskolak?
Marko komun bat aurkeztu eta formakuntza eskaintzen dute, militantziatik kanpo jasotzeko zailak direnak. Estrategia komun baterako aukera eskaintzen dute.
Zein beste saio antolatu dituzue?
Apirilean eta maiatzean honako gai hauek landuko dira, data zehazteke badago ere: Gizontasuna eta sexualitatea: zerk egiten nauen hetero? eta Eraso matxistak eta hauen kudeaketa: zein da gizonon erantzukizuna?