Lokatza Ziklismo Eskolak antolatuta, emakume zikloturisten lehen topaketa egin da asteburuan bailarako errepideetan barrena. Eskolak emakume zikloturistak elkartzeko ideia izan zuen eta Bergarako Udalarekin elkarlanean egin dute lehenengo topaketa, gainera, domekako irteera ibilbide luze baten hasiera izan da, udaberrian jarraipena ematea da asmoa: "bost irteera egiteko asmoa dugu, gutxi gorabehera, hilabetean behin edo bi hilabetean behin edo bi hilabetean behin, ikusiko da" esan du, topaketako antolatzaile Nerea Osak.
Geroz eta emakume gehiago dira bizikletan ibiltzen direnak, hala ere, gizonezkoekin irteten direnez, emakumeez osatutako talde bat sortu nahi dute. Emakumezkoen txirrindularitza ikustarazteko eta saretzeko helburuarekin: "Elkarrekin sare bat sortzeko modu bat da, elkar ezagutzeko aukera bat. Asko ibiltzen garen arren, norbera bere aldetik ibiltzen da. Agian, etorkizunera begira elkarrekin ibili ahal izateko" azaldu du, Olatz Manuelek, Bergarako Udaleko Kirol zinegotziak.
Bestalde, edonorentzat ateak zabalik dituen taldea da, horrenbestez, profil guztietako txirrindulariak elkartu nahi dituzte: "Baten bat zalantzan baldin badago babes bat topa dezake taldean".
Bergaran errotu den arren, bailarara zabalik
Bergaran aurrera eraman den egitasmoa izan arren, Debagoieneko emakume guztiei dei egin diete parte hartu dezaten. Irteera dagoenetan, sare sozialen bitartez emango dute horren berri.
40 kilometroko ibilbidea
Lehen aldi honetan, egindako bideari dagokionez, Agorrosin kiroldegian hartu dute Oñatiranzko bidea, Udanatik Zumarragarantz igotzeko. Ibilbidea borobiltzeko, Deskargatik, Bergarara itzuli dira, guztira 40 kilometroko ibilbidea osatuz.