Nerea Osa da emakume zikloturisten topaketetako antolatzaileetako bat eta, azaldu duenez, lauzpabost irteera egiteko asmoa dute, printzipioz, hilabetean behin. "Edozelan ere, gaur hasi gara eta joango gara ikusten nola doan guztia".
Bergararrei zuzenduta egon arren, Debagoieneko emakume guztiei dei egin diete parte hartzeko. "Irteera dagoenetan, sare sozialen bitartez emango dugu horren berri, eta ea animatzen den jende gehiago datozen irteeretan". Izan ere, Osak aitortu du emakume txirrindulari asko daudela Bergaran. "Hala ere, gizonezkoekin irteten garenez, propio emakumeena izango den talde bat sortu gura dugu".
Olatz Manuelek, Bergarako Udaleko Kirol zinegotziak, nabarmendu du geroz eta emakumezko gehiago ari direla bizikletan. "Antzematen dugu jendea badabilela. Hori dela eta, sare bat sortzeko modu bat da hau, elkar ezagutzeko eta elkarrekin bizikletan ibiltzera irteteko. Horrez gain, emakumeen txirrindularitza ikusaraztea ere bada helburuetako bat. Beraz, norbait zalantzekin baldin badago, gerturatu dadila, babesa aurkituko baitu talde honetan".
Profil guztietako txirrindulariak elkartu gura dituzte talde honetan. "Bereziki hori da gura duguna, gainera. Erritmo ezberdinak errespetatuko ditugu eta ni atzetik joango naiz, animoak ematen eta babesa ematen", dio Manuelek.
Gaurko ibilbideari dagokionez, Agorrosin kiroldegitik abiatuta, Oñatiranzko bidea hartu dute, Udanatik Zumarragarantz joateko. Gero, Deskargatik, Bergarara itzuli dira, 40 bat kilometroko ibilbidea eginez.