Handik hona

Yves Roos: "Kanpotik datozenei euskara ikastea gomendatuko nieke"

Jone Arruabarrena 2025ko mar. 24a, 08:00

Badira 13 urte Yves Roosek (Gante, Belgika, 1971) Bergarako Harrizuri hortz-klinika zabaldu zuela. Flandiarra da izatez, eta Manchesterren ere bizi izandakoa; baina euskaraz egiten die bezeroei lehen hitza.

Zer duzu gustuko Belgikatik?

Aspaldi da Flandriatik alde egin nuela; nire bizitzaren erdia baino gehiago kanpoan egin dut. Hala ere, Flandriak ez dauka oso kultura aberatsa, esaterako, Euskal Herriarekin alderatzen badugu. Festa Nazionala dago, garagardoa, txokolatea eta halako jakiak gustuko ditut... baina kulturaren zati handi bat galdu egin da, Frantziako, Alemaniako eta Espainiako inperiopean egotearren.

Belgikarra baino gehiago, flandriar sentitzen zara?

Bai, ni flandriarra naiz. Niretzako Belgika herri artifizial bat da. Belgikako iparraldea Flandria da, eta hegoaldean frantsesez egiten da. Bi hizkuntza oso desberdin dauzkagu, Euskal Herrian bezala. Belgikako eskoletan bi hizkuntzak jakin behar dira berez. Guk badakigu frantsesez, baina frantziar aldekoek ez dakite flandrieraz.

Ezberdintasuna dago hemengo eta Belgikako jendearen artean?

Bai. Hemen jendea zabalagoa da. Bestalde, han negua gogorragoa da, eta jendea etxean geratzen da. Hemen kaleko kultura handiagoa dago. Flandrian kuadrilla bat daukat, eta beti gutako norbaiten etxean elkartzen gara, eta ez kalean. Adibidez, nire osaba-izebak bisitan etorri ziren joan den astean, eta harrituta geratu ziren kaleko giroarekin. Hemen jendeak ezagutu egiten zaitu eta agurtu egiten zaitu. 

Ganten jaio zinen, baina Manchesterren ere bizi izan zara.

Bai; Ganten bizi izan nintzen 23 urtera arte. Nire familia osoa Gantekoa da: aitona, amona... Unibertsitateko azken urtean Erasmus egin nuen, eta Manchesterrera joan nintzen hiru hilabete igarotzera. Azkenean, Manchesterren geratzea erabaki nuen, eta 12 urte eman nituen han. Bergarako neska bat ezagutu nuen han, nire seme-alaben ama.

Manchesterrera joan zinenean, zergatik erabaki zenuen han geratzea?

Pentsatu nuen Belgikara bueltatzea, baina, azkenean, bizitzaren gorabeherak... Gainera, Belgikan 11 milioi lagun bizi dira toki txiki batean, eta dena laua da. Hori ez zait gustatzen. Niri gehiago gustatzen zaizkit mendia, zelaiak eta kanpoko bizitza. Noizean behin, urtean behin edo birritan, bisitan joan ohi naiz, eta han bi egun daramatzadanean Euskal Herrira bueltatu nahi izaten dut.

Noiz erabaki zenuten Manchestertik Bergarara etortzea?

Seme zaharrena Manchesterren jaio zen, eta, gure alaba jaiotzear zela, Bergarara etorri ginen, duela 18 urte. Duela 13 urte, nire hortz-klinika zabaldu nuen Bergaran bertan, eta hemen pozik nago.

Hiru lekutan bizi izan eta gero, nongoa zara?

Europakoa naizela sentitzen dut. Faltan igartzen dut batzuetan Ingalaterra, eta noizean behin ere joaten naiz hara, han ere lagunak dauzkadalako. Baina nire familia hemen daukat, eta baita hortz-klinika eta lagunak ere. Hemen gustura nago.

Nolakoak izan ziren lehen egunak Bergaran?

Oso politak izan zirela dut gogoan. Bat-batean, lagun kuadrilla bat neukan hemen, jende pila bat ezagutu nuen. Euskaldunek itxi fama daukate, baina nik ez dut horrela bizi izan. Oso denbora gutxi neramanean egin nituen lagunak eta kuadrilla. Elkarte gastronomiko bateko bazkide egin nintzen, eta han ere jende asko ezagutu nuen. Nire seme-alabak txikiak ziren, eta horrek beste guraso batzuk ezagutzeko aukera eman zidan.

Hizkuntza oztopoa izan da zuretzat?

Nire seme-alabek beti egin dute euskaraz etxean, elkarren artean eta emaztearekin. Nik eta emazteak ingelesez egiten genuen gure artean, eta nik seme-alabekin flamenkoz egiten dut. Beti hiru hizkuntza erabili izan ditugu etxean, eta gaztelera oso gutxi. Hala ere, lehenengo lau urteetan Gasteizen egiten nuen lan, eta, lehenengo, gaztelera ikasi nahi izan nuen. Orain, bost urte daramatzat euskaltegian.

Nolako esperientzia izan da euskara ikastea?

Hizkuntza polita da, baina zaila. Esfortzu handia eskatzen duen arren, jendeak asko apreziatzen du, eta ulertzen dut hori. Flandrian antzerako zerbait gertatzen zaigu. Flandriera ez da berez hizkuntza ofizial bat, herbeheraren dialektotzat hartzen da. Belgikako hegoaldean frantsesez egiten denez, batzuetan kalean jendea frantsesez hasten zitzaizun hizketan, eta nik pentsatzen nuen: "Ez gaude Frantzian; zergatik egin behar dit frantsesez?". Esan nahi dudana da jakin ez arren ere hitz batzuk euskaraz egitea beharrezkoa dela.

Erraztasunak eman dizkizu euskaraz jakiteak?

Bai. Badago kanpotik etorri den jendea, hemen 30 urte daramatzana, eta ez dakiena euskaraz bi hitz esaten. Ni hona etorri nintzenean ikasi nuen "barkatu, ez dakit asko euskaraz" esaten, behintzat, lehenengo hitza euskaraz izateko. Errespetuzko jarrera bat dela uste dut. Kanpotik datozenei gomendatuko nieke ikastea, hemen asko apreziatzen delako, eta gauzak asko errazten dituelako.

Euskaldunak eta flandiarrak: txirrindularitzak eta hizkuntzak batuta

"Txirrindularitzari eta hizkuntzari dioten errespetua"; hori daukate komunean euskaldunek eta flandriarrek, Roosen iritziz. Izan ere, Belgikan eta Euskal Herrian txirrindularitzarekiko dagoen adizioak harritu zuen Roos hona iritsi zenean. Hizkuntzari dagokionez, flandrierak izan duen egoeragatik, euskararekin antzekotasun handiak dituela dio, baita zaila delako ere. Hala ere, euskaldunak belgikarrak eta ingelesak baino "dezente irekiagoak" direla dio: "Gu ohituta gaude itxiagoak izatera, eta hemen, nire ustez, nahiko irekia da jendea. Ez dut uste zaila denik hemen integratzea, modu askotara egin daiteke, eta jendeak harrera ona egiten dizu". Ordea, "esfortzu txiki bat" egitea garrantzitsua dela dio Roosek. Euskal kultura eta gastronomiaren aberastasuna ere maite du, eta euskaldunak, orokorrean, "oso jatorrak" direla dio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak