Duela bi urte martxan jarri zen Adinekoen Kontseiluak jarduerari berrekin dio, Bergarako Udalaren eta Mariaren Lagundia Ikastolaren elkarlanarekin. Bi urterako sinatu dute hitzarmena, eta otsailaren 13an egin zuten lehenengo bilera irekia. Bakardadea eta Bizikidetza gaiak ardatz hartu dituzte aurten, eta Paloma Martinez da Kontseiluaren dinamizatzailea. Kontseilua martxan jartzea eta iraunkortasuna lortzea ditu helburu; baita "motorrak izango diren" bi lantalde osatzea ere. Azken hori dagoeneko lortu du, Bakardadea eta Bizikidetza alternatiboko talde bana osatu baitzuten lehen bileran; hamar eta zortzi lagunek, hurrenez hurren. "Ez da zenbaki handia; ezta txikia ere, baina oso egokia da denok parte hartzeko eta lantaldea eraginkorra izateko", dio dinamizatzaileak.
Erronka "polita" bezala definitu du Martinezek, eta azaldu du Bergaran "oso jende jatorra eta aktiboa" aurkitu duela: "Oso harrera ona jaso du Kontseiluaren deialdiak. Jendea gogoz dago lan egiteko. Uste dut adineko pertsonek eta Udalak badutela borondatea Kontseilua martxan jarri eta lanean aritzeko".
Lantaldeen jarduna
Bi taldeak hilean behin elkartuko dira. Azkenengoz, martxoaren hasieran egin zituzten bilerak. Bakardadearen taldea sentsibilizazioan zentratuko da aurten, eta horregatik ari dira zehazten eta osatzen bakardade hitzaren mezua. Angiozarren 2019an egindako ikerketa hartu dute abiapuntu –bakardadea identifikatzeko gakoak jasotzen ditu, besteak beste–.
Bizikidetza alternatiboaren taldea ere aurtengo helburuak zehazten dabil. Paloma Martinezek adierazi du adinekoak eta zaurgarriak norbere etxean ahalik eta gehien egoteko aukerak aztertuko dituztela: "Gero, beste egoitza eredu batzuk ere ezagutuko ditugu. Bailaran, Euskal Herrian edo Europan daudenak. Horien berri jasoko dugu, eta aztertuko dugu ea zein aukera dauden horiek ezagutzera emateko hitzaldien edo bestelako ekitaldien bidez".
Dena den, lehendabizi, Bergaran zer dagoen aztertuko dute. Udalaren zerbitzuak ezagutu eta aztertu, ondoren hobetzeko proposamenak egiteko. "Aldi berean, izaten badugu egoitza alternatibo baten berri, hori ere mahaira ekarriko dugu", dio.
Era berean, Kontseilua zeharka lantzen ari da adineko pertsonei interesatzen zaizkien gaiei buruzko buletin bat sortzea.
Bi eguneko ospakizunak
Apirilaren 29an, Belaunaldien Arteko Nazioarteko Eguna izango da, eta urriaren 1ean, berriz, Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna. Herriko eragileekin ekintza bateratuak antolatzea aurreikusten dute, eta dagoeneko hasi dira apirilaren 29ko egitaraua osatzen. Martinezek aurreratu du eguneko ekintza nagusia karta-jokoa izango dela. Herriko ikastetxeetako ikasleekin egingo duten ekimena izango da, eta karta-jokoen bueltan bi ekintza egin beharko dituzte: "Martxoaren amaieran ikasleei eskatuko diegu euren gertuko adineko bat elkarrizketatzeko karta-jokoen bueltan. Apirilaren hasieran, adinekoak ikasleari erakutsiko dio karta-joko batean jokatzen, eta, azkenik, apirilaren 29an, San Joxepen txapelketak egingo ditugu adinekoendako eta ikasleendako".
Halaber, Mariaren Lagundiko ikasleak Mizpirualde eta Goieneche Fundazioaren Bergarako egoitzetara joango di rela hango pertsonekin kartetan jokatzera.
Herritarren ekarpenak
Martinezek gaineratu du Goieneche Fundazioko pertsonen ekarpenak jasotzen dituela taldeetan jorratuko dituzten gaiak azaltzera egoitzara joaten denean. Herritarrek ere bi mahaietan lantzeko ekarpenak egin ditzakete, pmartinez@mlagundia.org helbide elektronikora idatzita.
Proiektu proposamena, mahai gainean
Izaro Oyarbide Bergarako farmazialariak ere hartu du parte lantaldeen bileretan. Farmazia Praktiko Asistentzialean unibertsitate aditu titulua ari da ikasten, EHUn, eta azken proiektua nahigabeko bakardadeari buruzkoa izango da. Argi utzi du proiektua pertsonala dela, baina haren asmoa da zerbitzu sozialekin lantzea herrian. Adierazi du farmazietan atzematen direla bezeroek dituzten arazo asko, "konfiantzazko puntua" baita. Horregatik, bezero bati bakardadea atzemanez gero, "balidatutako galdetegia" pasako lioke pertsonari: "Emaitzen arabera, deribatuko nuke pazientea zerbitzu sozialetara eta haiek egingo lukete plana, pertsona hain bakarrik senti ez dadin. Konturatu gara bakarrik dagoen jendeak ez duela bakarrik egon nahi, baina pausoak ematea kostatzen zaiela".
Oraingoz, lantaldeetan eman du proiektuaren berri. Dena den, adierazi duenez, lana hasierako fasean dago, baina asmoa litzateke maiatzaren 29ko Kontseiluan aurkeztea: "Ordurako nire lana diseinatuta eta idatzita egongo da. Ea martxan jartzeko aukera daukagun".