Arrizuri kaleko zuhaitzak ordezkatu egingo dituzte

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko mar. 7a, 12:33

Brigadako langileak Arrizuri kalean zuhaitzak kentzen, atzo. (Argazkia: Andoni Goiti).

Kale hartako zuhaitzak "osasun-egoera larrian" daudela egiaztatu du Udalak, eta, hala, kale horretako hogei astigarrak kendu eta hamahiru Photinia fraseri landatuko ditu; erretiratutako zuhaitzen enborrekin egur-loteak osatuko dituzte, herritarrendako.

Arrizuri kaleko zuhaitzak aldatzeko lanak hasi zituen atzo Bergarako Udalak "osasun-egoera larrian" zeudela egiaztatu eta, ondorioz, haiek ordezkatzeko beharra ikusi baitu. Udaleko Obra eta Zerbitzuetako buru Garazi Bañosek adierazi du usteldurak eta onddoen zabalkundea izugarri hedatu direla: "Oso paraje ainubea da, eta ia ez da eguzkia sartzen. Hezetasun handia dago eta zuhaitzek goroldioa, onddoak eta bestelako liken batzuk dituzte. Gainera, zuhaitzak barnebiltzen dituen txorko edo alkorkeak oso txikiak dira, eta zuhaitzak ez dira hazten; biziraun egiten dute, ozta-ozta".

Photinia fraseri-en landaketa

Hala, kale hartan zeuden hogei astigarrak kendu eta hamahiru bat Photinia fraseri landatuko dituzte. Zuhaitz gutxiago landatzearen arrazoia da "kalearen zati askotan" espaloiaren zabalera "oso estua" dela. Arbola mota berriari dagokionez, Bergarako Udalak azaldu du tamaina txikiagokoa eta hosto iraunkorrekoa dela, eta horrek bizilagunei erosotasuna eta segurtasuna bermatuko diela: "Gainera, urte-sasoiaren arabera, hostoen tonalitateak aldatu egiten dira, eta ingurune atsegin eta estetikoa eskaintzen dute". Aurreratu dute zuhaitz berriek ez dutela altuera handirik hartuko, eta, ondorioz, etxebizitzetako leihoei ez dietela inongo trabarik egingo.

Erretiratu dituzten zuhaitzen enborrekin egur-loteak osatuko dituzte, herritarrek jaso ditzaten, eta adarrekin konposta egingo dutela azaldu dute.

Era berean, Bergarako Udalak bergararren parte-hartzea sustatzeko bidea zabaldu du, eta interesa duenak iritzia eta ekarpenak bidali ditzake lorezaintza@bergara.eus helbidera.

Beste zenbait eraisketa

Beste zenbait puntutako zuhaitzetan ere atzeman dute izurria; Zabalotegi kalean eta Ortuibar pasealekuan, esaterako. Eta eremu haietan ere arbolak aldatu egin behar izan dituzte.

Duela hilabete, Arrizuriaga parkearen sarrera nagusian zegoen hamazortzi metroko indigaztaina bota zuten, zuhaitza gaixorik eta erortzeko arriskuan zegoelako. Bañosek gaineratu du beste onddo batek eragin ziola indigaztainari eta, aditu baten txostenari jarraituz, zuhaitza lehenbailehen botatzeko beharra ikusi zutela.

Kasu horretan, zuhaitzaren zati bat Gorlako eremuan utzi dute, "ekosistema aberasteko eta espezie xilofagoak elikatzeko"; beste zatiak egur-lote bihurtu dituzte, herritarrendako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak