Astelehenero bezala, ohiko elkarretaratzea egin zuen Bergarako Pentsiodunen Mugimenduak, baina oraingo honetan Herri Ekimen Legegileak emakumeengan dituen onurak gogora ekarri zituzten, eta adibide bezala jarri zuten otsailaren 24an Bilbon egin zuten emakume pentsiodunen topaketa.
"Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko emakume pentsiodunek Herri Ekimen Legegilearen babesa jaso zuten, 98 atxikimendu, 170etik gora emakume batu ginen, eta guztiz arrakastatsua izan zen", adierazi dute Bergarako Pentsiodunen Mugimendutik.
Hala, gutxieneko pentsioa gutxieneko soldatarekin parekatzea azpimarratu zuten atzo beste behin, eta azaldu zuten 100.000 pentsiodunen artean 66.000 direla emakumeak, eta horiek izango direla onuradunak: "Herri Ekimen Legegilearekin pentsio txikietan dagoen arrakalarekin amaitzea lortuko dugu".
Halaber, adierazi dute zapatuan 13:00etan egingo den mobilizaziora gehituko direla.