Angiozarrek beste pauso bat eman du tokiko entitate txiki izendapena lortzeko bidean

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko ots. 26a, 16:03

Angiozar Bailarako Batzarrak Demarkazio Foru Araua moldatzeko proposamena aurkeztu zuen atzo goizean Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

Gipuzkoako Batzar Nagusietako alderdi politiko guztiekin bildu ziren Angiozarko Mila Elorza alkatea, Jose Angel Mikeo eta Unai Asurmendi martitzen goizean Demarkazio Foru Arauaren moldaketak eskatzeko beste behin. Azaldu dute EAJk eta PSE-EEk adierazi dietela saiatuko direla Angiozar mapan ezartzen tokiko entitatetik harago, eta "behar diren baliabideak guri pasatzen. Gero, EH Bildu, Elkarrekin eta PPrekin elkartu ginen, eta hirurek aurkeztu ziguten interesa gaiari heltzeko".

Hala, azpimarratu dute mahai gainean jarri zituztela baita ere Angiozarren beharrezkoak diren baliabideak: "Egun gure apustua, tokiko entitatearena da, baina dekontzentrazioa izan edo bestelako baliabideak bermatuko balituzkete gu pozik. Kontua da herriko gauza publikoak izan arren, guk guretik egiten ditugula, eta Bergarako Udalek, ez oraingoak, baizik eta aurrekoak, beti berandu edo epez kanpo ibili direla; edo ez dira iritsi".

Foru arauak Tokiko Entitate Txikiak (TET) arautzen ditu. "Indarrean dagoen Foru Arauak, TETei gutxieneko 500 biztanleko kopurua eskatzen die. Angiozarrek 2022an kopurua 250era jaisteko baldintzarekin batera oinarrizko eta gutxieneko barne antolaketa historikoa izateko proposamena jasotzen duen foru arau moldaketa aurkeztu zuen", azaldu du Angiozar Bailarako Batzarrak; horixe da beste behin aurkeztu dutena: "2022 hartan, alderdi politikoekin izandako elkarrizketan, alegia, informalki, EH Bildu eta Elkarrekin-Podemos gure aldaketaren alde agertu ziren. EAJ eta PSE-EEk, berriz, ez zutela onartuko adierazi zuten. PPek gehiago aztertu behar zuela adierazi zigun. Ea bigarren aukerak zer ematen duen".

Gehitu dute, laster, arauaren moldaketa egingo dutela, eta Itsaso-Ezkio TET bilakatuko dela "soilik 150 biztanlerekin" –Angiozarren 300 lagun bizi dira–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak