Aroztegi artelanez beteko dute, gaia zehaztu barik ere

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko ots. 26a, 11:49

Taldeko artistetako batzuk Aroztegin, iazko erakusketaren irekieran.

Martxoaren 8aren bueltan herriko artista talde batek antolatu ohi duen erakusketa irekiko dute otsailaren 28an Aroztegin, eta martxoaren 9ra arte bisitatu ahalko da. Bederatzigarrena da aurtengoa, gai zehatz barik datorrena, eta 26 emakumeren lanak erakutsiko dituena.

Martxoaren 8aren bueltan antolatzen diren ekitaldien barruan, dagoeneko ohiko bihurtu da herriko emakume artisten erakusketa. Bederatzigarrena izango da aurtengoa; egubakoitzean irekiko dute eta martxoaren 9ra arte egongo da ikusgai, Aroztegin. Aurtengo erakusketaren bereizgarrietako bat da ez dutela gai baten bueltan antolatu. "Bederatzi urtez jarraian gai baten bueltan mugitu dira gure artelanak, baina aurten erabaki dugu gairik ez zehaztea, nork bere artelana libre erakustea. 2026koa, gainera, hamargarren erakusketa izango da, eta suposatzen dut zerbait berezia egingo dugula", adierazi du erakusketako artisten artean dagoen Justina Elexpuruk.

26 artistaren lanak aurten

Aurten, herriko 26 artista animatu dira euren lanak Aroztegin erakustera; honako hauek: Ainhoa Martin, Alicia Garcia, Ana Abajo, Arantzazu Arregi, Cecilia Dulanto, Idoia Azkarate, Idoia Etxarri, Itziar Murgizu, Jone Telleria, Julia Otaegi, Justina Elexpuru, Kontxi Idigoras, Lierni Narbaiza, Maialen Lopez, Maite Azkargorta, Maitena Arana, Mari Karmen Laskurain, Mari Paz Alustiza, Mari San Vicente, Marikruz Andueza, Mariñe Jauregi, Mireia Gonzalez, Marilu Unzurrunzaga, Mayra Jimenez, Nerea Kerejeta, Selena Lizarzaburu eta Usoa Mendikute.

Antolaketa, "oso naturala"

Erakusketa nola antolatu ohi duten galdetuta, Elexpuruk dio "oso modu naturalean" funtzionatzen dutela: "Ateak erabat zabalik ditugu, baina ez dugu deialdi publikorik egiten. Ez gara kolektibo edo elkarte bat, ez dugu egoitzarik. Bere garaian, Whatsappeko talde bat sortu genuen, eta, kuriosoa izan daiteke, baina talde horretatik antolatzen dugu guztia. Egongo dira emakume artista gehiago herrian; hurrengo urtean ea saiakera bat egiten dugun ahalik eta artista gehien erakartzeko". Erakusketan pintura da nagusi, eta, margolanen artean, akrilikoak, olioak eta akuarelak ikusi ahalko ditu bisitariak. Horrez gain, besteak beste, zeramika-lanek eta argazkilaritzak ere izango dute tokia erakusketan.

Irekiera-aurkezpen xumea

Egubakoitzean irekiko dute erakusketa, 19:00 aldera egingo duten aurkezpen txiki batekin. "Irekiera-ekitaldia xumea izango da. Sarrera txiki bat egingo dugu, eta, ondoren, luntxa egongo da. Beraz, ez dago aitzakiarik etortzeko. Duela bederatzi urte erabaki genuen herriko emakumeak bakarrik elkartzea erakusketa bat antolatzeko, Beart-ez edo beste elkarteez harago, eta orduan harritu gintuen ikusteak zenbat emakume ari ziren margotzen edo beste diziplina batzuetan. Gonbidapena egiten diegu herrikideei datozen bi asteotan Aroztegitik pasatu daitezen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak