Algarveko Itzuliko lehen etapan anoa-postu batean zegoen bitartean elkarrizketatu zuen GOIENAk Jon Arantzabal (Bergara, 1994). Lehenengo aldiz igaroko du txirrindulari-talde batekin denboraldi osoa. Etxetik kanpo egun asko igaro behar dituen arren, "ilusioz eta gogoz" dago. Gainera, iaz hasi zuen bideari ere emango dio jarraipena Tolosaldea Arraun Klubeko emakumezko taldean.
Urtarrilaren amaieran Saudi Arabian eta orain Portugalen egin duzu geldialdia; gustura zabiltza?
Gogotsu nago. Denboraldi osoa talde batean egingo dudan lehen aldia da. Etxetik kanpo egun asko dira; ea zelan eramaten dudan. Martxoko lehen asteburuan, esaterako, Italiara joango gara.
Zein lan egiten du txirrindularitza talde bateko masajista batek?
Hiru masajista gaude. Bat autokarabana ondo egoteaz arduratzen da. Beste biok botilak prestatzen ditugu, arroz-pastelak egin, kamioiak txukundu, erosketak egin, hozkailuak berriz betetzen ditugu produktuak gastatu ahala... Hori goizez egiten dugu. Lasterketetara joaten garenean, anoa-postuetan egoten gara, poltsak banatzeko, orain nagoen bezala. Hotelera heldutakoan ematen ditugu masajeak.
Orduan, masajea ematea soilik ez; hainbat ardura dituzue.
Egun osoa gabiltza lanean, eta, azkenean, masajea da azkena. Masajeak bakarrik ematen ditugula pentsatzen du jendeak.
Entrenamendu eta lasterketa garaiak berberak izaten dira zuendako?
Gu lasterketetara bakarrik joaten gara. Txirrindulariak etxean entrenatzen dira, eta, eguraldi txarra bada, Calpe eta Benidorm aldera oaten dira. Gu lasterketa baino bi egun lehenago joaten gara nabera, gauzak prestatzera.
Txirrindularitza afizioa ere baduzu; ezberdin ikusten duzu sektorea masajista ikuspuntutik?
Ikusten dut asko aldatu dela. Asko zaintzen dira xehetasun guztiak eta txirrindulariak. Azkenean, jende asko dago lanean. Talde batek lehen birekin egiten zuena orain hirurekin egin behar du. Geroz eta pertsona gehiago izaten dira, lana azkarrago eta efizienteago egiteko.
Halako bidaiak aprobetxatzen dituzu bizikletan ibiltzeko?
Ez dugu bizikletarik ekartzen, baina afaldu aurretik korrika egitera joaten gara. Eta oso turismo gutxi egiten dugu. Lasterketetan zentratuta gaude, nahiz eta kirola egiteko tartea atera.
Uste duzu txirrindularitza-zale izateak lagundu dizula sektorean sartzen?
Gure artean asko aipatzen dugu mundu honetan sartzeko gustatu egin behar zaizula txirrindularitza; bestela, lan gogorra da. Azkenean, egun osoa igarotzen dugu horren bueltan. Gustatu egin behar zaizu saltsa hau; bestela, eguna luze egiten da.
Zein txirrindularitza-taldetan lan egitea amesten duzu?
Sekulakoa izango litzateke World Tourrera heltzea, lehen mailara, baina ez daukat presarik; nagoen tokian oso gustura nago.
Aurreko denboraldian, Tolosaldea Arraun Klubean egin zenuen lan.
Iazko ekainean hasi nintzen Tolosaldeako neskekin. Denboraldi osoa egin nuen, oso gustura. Esperientzia berri bat izan da, kirol berri batean, eta aurten ere jarraituko dut.
Ezberdintasuna dago arraunlariekin edo txirrindulariekin lan egin?
Kirol ezberdinak dira, baina antzekotasunak dira oso kirolari zorrotzak eta kirol gogorrak direla. Arraunlariekin lan gehiago egiten dut estropada aurretik; txirrindulariekin, etapa bukaeran. Txirrindulariak egun gehiago jarraian lehiatzen dira, eta garrantzi handiagoa ematen diogu etapa ondorengo atsedenari.
Beste kirolik probatuko zenuke?
Futbol talde bateko masajista izan nintzen. Momentuz, arraunlariekin eta txirrindulariekin oso gustura nabil, eta horretan jarraituko dut.