Osasun arreta kalitatezkoa izateko, pazientea ama hizkuntzan artatua izateak "berebiziko garrantzia" duela "frogatuta" dagoela dio: "Kontrako diskurtsoei aurre egin behar diegu".
Zergatik sartu zinen Euskal Herrian Euskaraz (EHE) elkartean?
Betidanik izan dut euskararekiko kezka eta interesa eta EHEn sartzeko aukera izan nuenean gehiegi pentsatu gabe sartu nintzen, bereziki elkartearen oinarri ideologikoekin guztiz bat egiten dudalako. Gainera, sartu nintzenean nire ekarpena egiteko une egokia zela ikusi nuen.
Emankorra izan da egindako bidea?
Pandemiaren amaiera aldera sartu nintzen, EHE barruko hausnarketa prozesu sakon baten testuinguruan. Eragilea eraberritzeko beharra ikusi zen, testuingurua eta militantzia-eredua aldatu egin zirelako. Garai horretan oso ahul zegoen EHE eta barne prozesu horrekin oinarri ideologikoa eta antolakuntza eredua berrikusi egin ziren, etorkizunerako lan ildo berriak zehaztearekin batera. Zuzendaritza batzordea berritu genuen bost kide berri sartuta, gazteak guztiak; gogotsu ekin genion. Oso ahul egotetik berreskuratzen ari gara, indartzen; gero eta ekimen gehiago ari gara antolatzen, eta komunitatea indartzen ari gara. Euskal Herria osoko gero eta kide gehiago ari gara batzen.
Otsailaren 25ean Irizar jauregian arituko zara osasungintza euskalduntzeko beharraz. Zergatik?
Enpirikoki frogatuta dago norberaren ama hizkuntzan artatua izatearen garrantzia. Kalitatezko osasun-arreta eman nahi bada ezinbestekoa da arreta hori pazientearen ama hizkuntzan izatea. Ideia hori presente izanda, osasungintza euskalduntzeko, Aintzat mugimenduarekin elkarlanean, Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Itunean eragin nahi dugu; orain ari dira hainbat alderdi, sindikatu eta beste eragile Osasun Ituna lantzen, eta uste dugu garrantzitsua dela itun horretan euskararen presentzia bermatzeko beharra lehen lerroan jartzea. Ezin dugu ahaztu, gainera, Comisiones Obreras (CCOO) eta UGT moduko sindikatuak antolatzen ari direla, hain zuzen ere, gure diskurtsoa kontrajarriz. Diskurtso horri aurre egin beharrean gaude. Horrez gain, osasun langile euskaltzaleak saretzeko beharra ere ikusten dugu.
"Garrantzitsua da euskara lehen lerroan jartzea lantzen ari diren Osasun Itunean"
Kalitatezko osasun sistemarik ez duzue ulertzen, euskaraz ez bada.
Ez. Osasun arretan hizkuntzak berebiziko garrantzia duela sinistuta, hori zalantzan jartzen duten diskurtsoei aurre egin behar diegu, besteak beste, enpirikoki demostratuta dagoelako.
Nola planteatzen duzue hitzaldia?
Sarrera gisa EHEn osasungintza arloan zertan dihardugun emango dut aditzera. Ondoren, Jon Zaratek azpimarratuko du zein garrantzitsuak diren herri mugimendutik datorren eragile batentzat oinarri zientifikoetan oinarritutako aldarrikapenak. Eta, azkenik, Aintzat-eko Adrian Zelaiak, osasun-profesional bezala, ze hutsune ikusten dituen azalduko du; historia-klinikotik hasita aurrez aurreko diagnostikoetara arte. Pazienteen ikuspegia ere azalduko da.
Mediku ona edo euskalduna, dikotomia horrekin apurtu nahi duzue.
Hala da. Horri buelta eman gura diogu. Ez da euskaldunok bakarrik eskatzen dugun zerbait, hizkuntza gutxitu ezberdinetan egin izan diren ikerketek ere ondorio berera garamatzate.
Ezer gaineratu nahiko zenuke?
Kanpaina honez gain, apirilaren 6rako manifestazioa deitu dugu Baionan, Justizia euskararentzat lelopean. Bi arlo horietan atzerapausoak ikusi ditugu, eta hori ezin dugu onartzen jarraitu.