Amodiozko gutunen irakurketa, musikarekin eta antzerkiarekin josita

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2025ko ots. 14a, 08:00

Gazte-epaimahaikide taldea osatu duten Bergarako batxilergoko ikasleak. Argazkia: Jardun.

Jardun Euskara Elkartearen 43. Amodiozko Gutunen Lehiaketako sariak banatuko dituzte gaur, Seminarixoan, 19:00etan; Txuma Murugarren kantuan eta Jarduneko antzezleak izango dira taularen gainean; guztiontzako daude ateak zabalik.

Ibilbide luzea du Jardun Euskara Elkarteak antolatzen duen Amodiozko Gutunen eta Esaldien Sariketak, eta estimatua da Euskal Herrian. Horren erakusle da, esaterako, ia herrialde guztietako sormen-lanak batu dituztela aurten ere, eskualdean hainbat sari geratu badira ere.

Epaimahaia nork osatzen duen ere bada lehiaketa batek duen mailaren beste adierazle bat, eta 43. aldikoa artista ezagunekin osatu dute: Mikel Albisu Mikel Antza idazlea, Txuma Murugarren abeslaria, Oihana Iguaran bertsolaria eta iazko irabazle nagusi Sara Aranburu. Ohi moduan, Bergarako batxilergoko ikasleek osatu dute Gazte-epaimahaia; aurten, Ipintza Institutuko Beñat Azkaratek eta Ariane Igartuak eta Aranzadi Ikastolako Maddi Gazteluk, Malen Aranburuk eta Ane Ormaetxeak izan dute ardura hori.

Ekitaldia, gaur, Seminarixoan

58 gutun jaso dituzte aurten guztira, eta horietatik bostek saria jasoko dute gaur. Maialen Akizu Bidegain urretxuarrak bigarrenez jasoko du sari nagusia (500 euro); Barakaldoko Yannick Vergara Villafafilak bigarren saria (250 euro); Lide Mantxola Akizu oñatiarrarentzako izango da Gazte saria (150 euro); Bergarako Onena saria (150 euro) Libe Txintxurretak; eta Parte-hartzaile Berriaren saria (100 euro) Ane Zuazubiskar Iñarra arrasatearrak jasoko du.

Lan kontuak direla-eta Yannick Vergara ez da sari-banaketa ekitaldian egongo, baina gainontzekoek Seminarixoan izango direla baieztatu dute. Gutuna idazleen ahotik entzutea beti da plazera, baina Jardun Euskara Elkarteko kideek azaldu dute irakurketa soil bat baino gehiago izango dela aurten; estreinakoz, Seminarixoan egingo dute ekitaldia. "19:00etan hasiko da ekitaldia eta Jardun Antzerki Eskolakoek zabalduko dute, esketx bat eginda. Segidan, irabazle guztiek euren gutunak irakurriko dituzte, eta, haien artean, aurten epaimahaikide izan den Txuma Murugarrenek laster kaleratuko duen bildumako kantu batzuk abestuko ditu. Ohi moduan, ekitaldia guztiontzako dago zabalik".

Maitasunaz, erpin askotatik

Maitasuna da lehiaketaren muina, baina, urtero moduan, batu dituzten istorio guztiak ez dira erromantikoak eta gozoak; eta badira hartzailerik izango ez dutenak ere. Hala abiatzen da-eta sari nagusia jasoko duen Maialen Akizurena: Hau inoiz bidaliko ez dudan gutun bat da.

Gazte sariaren irabazle Lide Matxolak, berriz, bere buruari idatzi dio, ispilua aurreko beldurrari aurre eginda eta gutunarekin identifikatuta sentitzen den orori zuzenduta. "Nire helburua, nolabait esateko, ez zen lehiaketa irabaztea, baizik eta gutunean kontatzen dudanari zentzua ematea eta ikustea ni neu izanda gauzak lortzerik badagoela. Terapia hutsa".

Oso pertsonala da Bergarako Onena saria irabazi duen Libe Txintxurretarena ere: "Barne-emozioei eta ezkutuko desioei buruzko hausnarketa pertsonala da; beraz, autoelkarrizketa bat. Maitemintze isil eta idealizatu baten istorioa kontatu dut. Bergara-Oñati tranbia hartzen duen pertsona da idazlea; sentimendu sakon eta obsesiboak garatu ditu behin San Prudentzioko geltokian igo eta bi aldiz begiratu zion norbaitekiko".

Oso barrukoa da bigarren sariaren irabazle Yannick Vergarak idatzi duena ere. "Ia hamarkada oso bat elkarrekin eman ostean, gaur egungo Yannickek bere esklerosi anizkoitzari idatzitako maitasun gutuna da. Niretzat oso garrantzitsua da gai hori. Gutunean kontatzen dudan guztia erabat autobiografikoa da eta opari ederra izan da barruan gordeta nuen hori guztia atera eta, gainera, epaimahaikideen esker ona jasotzea".

Ane Zuazubiskarrek estreinakoz hartu du parte, eta kategoria horretako saria jaso du Gizon heterosexual bat maitatzea (emakume heterosexual batentzat) izenburua duen gutunarekin. "Emakume heterosexual batek gizon heterosexual bati idatzitako gutuna da, haren estereotipo eta kanon guztiekin..."

Esaldietan ere, uzta ona

Gutunez gain, amodiozko esaldien lehiaketa ere bada Jardunek antolatzen duena, eta oraingoan, 35 jaso dituzte. Horietatik guztietatik, Zuriñe Etxeberria Fernandez iruindarrarena goraipatu du Gazte-epaimahaiak. Honako esaldi honekin jasoko du, bada, 100 euroko saria: Motza da iragana bizitako guztia laburtzeko; luzea etorkizuna biziko ez duguna idazteko; gutxi da bizitza oso bat oroitzapenak ahazteko; asko dira hamar urte malko bakarrean husteko; itsaso oso bat beharko nuke barrena husteko.

Maialen Akizu (Lehen sariaren irabazlea): "Irudimenaren defendatzailea naiz ni"

2021ean irabazi zuen Maialen Akizu soziologoak (Urretxu, 1996) Jardunen sariketa; bigarrenez irabazi du, aurten.

Zeri buruz idatzi duzu?

Balizko bizitzekin ere bizi gara gure bizitza honetan, eta maitasunean ere eragiten dute horiek. Ni irudimenaren defendatzailea naiz, baina lilurak baditu bere gatazkak, bere mehatxuak, eta horiei lekua patxada batetik ematen dien ahots batek idatzi du Hau inoiz bidaliko ez dudan gutun bat da izenburua duen gutuna.

Zelakoa izan da idazketa-prozesua?

Ez da gai berria; lagun-artean eta elkarrizketetan ateratzen da. Ez nuen gutun bihurtzeko asmorik, baina lehiaketaren berri jakin nuenean, nolabait, presente neukan, eta hitzak jartzen saiatu nintzen.

Pozik sariarekin?

Bai; azkeneko egunean bidali nuen, azkar samar idatzita.

Lide Mantxola (Gazte sariaren irabazlea): Barrua husteko idazten dut askotan"

Bere buruari idatzitako gutun ausartarekin irabazi du Lide Mantxolak (Oñati, 2000) saria.

Zeri buruz idatzi duzu?

Oso pertsonala da: barruak husteko idazten dut askotan; beste batzuetan, prozesu batek dituen zailtasunak gainditzeko gai naizela gogoan izan eta, bide batez, errealitatea erlatibizatzeak duen garrantzia ez ahazteko. Gutuna horren adibidea da; identifikatuta sentitzen direnei zuzenduta.

Zelakoa izan da idazketa- prozesua?

Noizean behin, gogoetaren bat edo beste idazteko joera daukat, eta hau hortik sortu zen. Hasiera batean, hausnarketa bat besterik ez zen, eta, lehiaketaren berri izan nuenean, gutun itxura eman nion. Pentsatu nuen gai horren inguruko ezjakintasuna besarkatuz merezi duen ahotsa ematea, naturaltasunez eta zintzotasunez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak