Iaz Bergaran erroldatu ziren herritarrei ongietorria egingo die Bergarako Udalak bihar, 12:00etan, udaletxeko osoko bilkuren aretoan. 396 lagun erroldatu ziren guztira, eta, Zihortza Marzan Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak emandako datuen arabera, 30 nazionalitate baino gehiagotako pertsonak; gehienak, euskal herritarrak. Aldizkari honen itxieran, hogei lagun zeuden ekitaldirako izena emanda.
Hirugarren aldiz egingo du Udalak ongietorri ekitaldia, eta horrekin nahi dutena da iritsi berriei baliabideak ematea, Bergaran zer dagoen ezagutu dezaten; horrekin batera, komunitatea osatu eta herritar guztiak komunitate horren parte izatea. "Geroz eta herri anitzagoak dauzkagu, eta kontziente gara kanpotik zatozenean –atzerritik edo Arrasatetik etorri, adibidez–, zailtasunak egon daitezkeela zure ingurua egiteko", dio Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak.
Eragileekin hartu-emana
Euskal musikarekin eta dantzekin emango diote hasiera biharko saioari, eta, ondoren, herriko sei taldek euren xehetasunak emango dituzte. Horrekin batera, aurreko urteetan Bergarara bizitzera etorri diren hainbat herrikidek euren bizipenak kontatuko dituzte.
Aurreko urteetako harrera-ekitaldiak "instituzionalagoak" izan direla gaineratu du Marzanek, besteak beste, Udalaren Baliabideen Gida eta Familia Enbaxadoreen proiektua aurkeztu zituztelako. Ndank Ndank elkarteak hartu zuen parte, baina ez modu "zuzen-zuzenean". Aurten, Ndank Ndank, Familia Enbaxadoreak, Martxanterak, Udal Euskaltegia, Bergarako EPA, Jardun Euskara Elkartea eta Euskal Herrian Euskaraz eragileek euren lanaren berri emango dute.
Marzanek azaldu duenez, komunitateko parte izateko garrantzitsua da sarea jostea eta sare horretako eragileak ezagutzea: "Iruditzen zaigu etorri berri batentzat halako ekitaldi batek izan behar duela aprobetxagarria, eta, horregatik, egin genuen irakurketa izan zen eragileak bertara gonbidatu eta ekitaldian parte hartzea".
Hainbat baliabide eskura
2023an aurkeztu zuen Bergarako Udalak Baliabideen gida, eta Bergarara bizitzera doanak hasieran beharko lukeen informazioa jasotzen du, 2022an Bergarara etorritakoen ekarpenekin: "Gainetik azalduta, herriko mapa bat agertzen da, gune interesgarriekin. Horrekin batera, baita herriko zerbitzuak ere. Osasun txartela zelan eskuratu daitekeen, liburutegian zer dagoen, nola funtzionatzen duen, kiroldegia... Erraztu egin nahi diegu etorrera".
Halaber, lehen edizio hartan aurkeztu zuten Herri Hezitzaileetatik sortutako Familia Enbaxadoreen Sarea. Ikastetxeetan jarri zen martxan, eta helburua da kanpotik datozenei bertako familia bat izendatzea herria hobeto ezagutzeko. Dena den, Marzanek nabarmendu du proiektu garrantzitsua dela, baina ikusten dutena dela umeak dituzten familiendako bakarrik dela, eta badaudela ume barik etortzendirenak ere. Aurreratu du etortzen diren guztiei harrera egokiagoa egiteko lantzen ari direla gaia, pertsona guztien "etorrera erraztu eta komunitatearen parte izateko". Bestalde, 12 eta 18 urte bitartekoendako badute beste zerbitzu bat, gaztelekuarekin elkarlanean. Behin ikastetxean hasita, ikastetxea bera jartzen da gaztelekuarekin harremanetan, eta, gurasoekin hitz egin eta haiek baimena emanda, nerabe hori gaztelekuko hezitzaile batekin eta erabiltzaile batekin hasten da hartu-emanean.
Marzanen ustez, bergararrek ere egunerokotasunean egin dezakete euren ekarpena, esa- terako, Familia Enbaxadore izanez edo kuadrillak zabalduz. "Bergara harrera-herria bihurtzea gustatuko litzaidake. Oraindik pauso asko dauzkagu emateko. Harrera-herria izatea lortzen dugunean lortuko dugu herri izatea. Horretarako, komunitatearen inplikazioa garrantzitsua da".
Iaz Bergaran erroldatutako lau lagun
Blanca Alicia Blandon
"Nikaraguakoa naiz eta bederatzi urte daramatzat Euskal Herrian; bat, Bergaran. Lan-baldintzengatik etorri nintzen. Ez dut zailtasunik izan, eta zapatuan, herriari buruz ez dakidana ezagutu nahi dut".
Cristian Cortes
"Kolonbiakoa naiz eta Zarauztik etorri nintzen, iaz, nire familiarekin. Bergaran ondo hartu gaituzte eta hainbat ekintzatan hartu dugu parte. Zapatukoa ekitaldi adeitsua da, eta eskertuta sentitzen naiz".
Ann-Ketira Louissaint
"Haitikoa naiz, baina Aretxabaletatik etorri nintzen, iaz, familiarekin. Senarra bailarakoa da, eta ezagutzen du Bergara. Ongietorria egitea ideia ona iruditzen zait, eta horregatik eman dugu izena".
Allaoui Jaouad
"Familiarekin etorri nintzen herri historiko honetara, eta ondo hartu gaituzte. Udalaren gonbidapena jaso genuen; zapatuan han izango gara. Eskertu egin nahi diet integrazioan lagundu digutenei".