Bihar zabalduko dute Bergarako Jabekuntza Eskolaren saioetako izen-ematea

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko ots. 13a, 12:28

Bergarako Jabekuntza Eskolaren saioen aurkezpeneko talde argazkia. (Argazkia: Bergarako Udala).

Bergarako Emakumeendako Jabekuntza Eskolak martxotik ekainera bitarteko egitaraua aurkeztu du, eta izena eman daiteke otsailaren 14tik martxoaren 2ra. Aurtengo edizioak, aitatasun arduratsua sustatzeko ekimena ere aurkeztuko du. Ekintzak doakoak izango dira.

Martxoa eta ekaina bitartean hainbat tailer, hitzaldi eta mahai-inguru egingo dituzte Bergarako Jabekuntza Eskolak antolatutako egitarauaren baitan. Programaren helburua da "emakumeen ahalduntzea sustatzea, espazio seguru eta inklusibo batean elkartuz, ikasiz eta hausnartuz".

Hala, iragarri dituzten ekintzen artean daude kultura, artea, osasuna, ongizatea, autozaintza, sexualitatea, hezkuntza, hizkuntza, feminismoa eta gizartearen bueltako gaiak. Egitarauaren baitan honako ekintzak daude jasota: Ana Goitiaren Katana bakarrizketa, martxoaren 6an, Seminarixoan; Joskintza iraultzailea martxoaren 10etik maiatzaren 5era, Irizar jauregian; Xilografia tailerra martxoaren 20tik maiatzaren 15era Martokoko eskola zaharrean; Zoru pelbikoa indartzea, martxoaren 12tik maiatzaren 28ra, Osintxun; Elikadura menopausian tailerra martxoaren 12, 19 eta 26an Irizar jauregian; Autozaintzaren erotika tailerra, martxoaren 11tik maiatzaren 27ra, Agorrosin Ekintza Gunean; Desio tailerra maiatzaren 16an, Irizar jauregian; Gure artean euskaraz ikastaroa, martxotik ekainera; Emakumea bere ingurunean: lehen, orain... eta gero zer? mahai-ingurua, maiatzaren 22an, Irizar jauregian, eta Bergarako Emakumeen Txokoa hausnarketa prozesua, martxotik irailera bitartean.

Emakumeen Txokoaren hausnarketa prozesua

Bergarako Arrizuriaga jauregiko bigarren solairuan kokatuko da Bergarako Emakumeen Txokoa, baina zer-nolako Emakume Txokoa izango den hausnartzeko bost lan-saio egingo dituzte; guztiak udaletxeko osoko bilkuren aretoan.

Martxoaren 21ean izango da aurrenekoa, 18:00etatik 20:00etara, eta Emakume Txokoaren helburuak, eskaintza eta erabiltzaileak zehaztuko dituzte. Bigarrena, berriz, apirilaren 5ean izango da 10:00etatik 13:00etara, eta kudeaketa-sistema izango dute hizpide. Hirugarrena, maiatzaren 24an, 10:00etatik 13:00etara, eta Arrizuriagako espazioaren antolamendua eta baliabideak landuko dituzte; baita eraikineko beste proiektuekin izango duten elkarbizitza ere.

Emakumeen Txokoaren funtzionamendua, ordutegia eta erabilera izango dute berbagai, maiatzaren 30eko saioan, 18:00etatik 20:30era bitartean. Azkenik, hausnarketa egin eta ondorioak aterako dituzte, baina hori irailean izango da.

Aitatasun arduratsua sustatzeko ekimena

Hala, egitarauaren baitan sartu dute Aitataun aktiboak eta arduratsuak hitzaldia, aitatasun arduratsua sustatzeko ekimena, "gizonek ere familia eta hazkuntza arloan duten funtzioaz hausnartzeko. Hitzaldia martxoaren 20an izango da, Irizar jauregian, eta Emagin Elkarte Feministako kide eta maskulinitate berrietan aholkularia den Asier Arizkorreta izango da hizlaria.

Besteak beste, landuko dituzten gaiak izango dira aitataun aktiboaren ereduak eta seme-alabendako onurak, lan- eta familia-erantzukizunak orekatzeko estrategiak, aitaren parte-hartzeak haurraren garapen emozional eta sozialean duen eragina, bikotekidearekin guraso-erantzukizunei buruz modu eraginkorrean komunikatzeko tresnak, eta bidezko hazkunza baliatzen duten gurasoendako baliabideak nahiz laguntzak.

Izen-ematea martxoaren 2ra arte

Jabekuntza Eskolaren eskaintzan parte hartu nahi duten emakumeek izena eman dezakete bihartik martxoaren 2ra bitartean berdintasuna@bergara.eus helbidera idatzita, 943 77 91 45 edo 688 81 17 60 telefonoetara deituta, edo Bergarako Udalaren webgunean.

Antolatzaileeek aurreratu dute plazak esleitzeko zozketa egingo dutela eta lehentasuna izango dute Bergaran erroldatutako emakumeek. Halaber, parte-hartzaileek doako zaintza zerbitzua izango dute jarduera guztietan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak