Aitor Garitano: "Ahalik eta gehien ikasten jarraituko dut"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2025ko ots. 7a, 11:05

Tenerifeko Auditoriumean kantatu berri du eta Sevillako Maestranzako antzokian ari da lan berria prestatzen Bergarako musikari gazte baina eskarmentu handikoa.

Haurra zela, kanturako eta antzezpenerako dohainak zituela ondo erakutsi zuen Aitor Garitanok (Bergara, 2000). Antzoki handietan dabil gaur egun askotariko operak egiten.

Tenerifeko Auditoriumean eskaini duten Trouble in Tahiti operan parte hartu duzu; zer moduz?

Oso ondo! Aurten bigarren aldia izan da; iaz bi emanaldi egin genituen, eta, arrakasta handia izan zutenez, emanaldi gehiago antolatzea erabaki zuten; hori horrela, urtarrilaren 18ko eta urtarrilaren 25eko asteburuetan banatuta, lau saio egin ditugu.

Kanarietatik etxera itzuli eta segidan Sevillara joan zara, beste proiektu baten lan egitera.

Hala da; martitzenean heldu nintzen, eta hilabete, behintzat, egingo dut Sevillan. Manuel Garciaren I Tre Gobbi ganbera-operan abestuko dut, Maestranzako antzokian; musikari gazteei zuzendutako egitasmo batek bultzatutakoa da. Bilbon jaiotako Ruben Fernandez Agirre piano-jole ezaguna da zuzendaria, eta bost abeslari izango gara, pianoarekin lagunduta, kantuan. Protagonistetako bat naiz, Bellavitako kondea. Hilabete osoa entseatzen egingo dugu eta martxoaren 4an eta 5ean egingo ditugu emanaldiak.

"Esperientzia aberasgarria da hainbat musikari eta talderekin lan egitea"

Lantalde askorekin ari zara azkenaldian; gustura?

Esperientzia aberasgarria da hori, eta asko ikasten da.

Apirilerako beste proiektu bat duzu, Mallorcan.

Bach-en Pasiones segun San Juan kantata ezaguna abestuko dut, baina, oraingoz, ez dut informazio askorik. Aurretik, beste kontzertu batzuk ere egingo ditut, Bilboko Musika Musika jaialdiaren baitan, eta Cuencara ere joango naiz.

Antzoki handietan ari zara.

Bai, eta ez da bakarrik non, norekin ere garrantzitsua da; erakusleiho onak dira beste toki batzuetara salto egiteko.

Zortekoa zarela uste duzu ala egindako lanaren fruitua jasotzen hasi zarela?

Biak, nire ustez. Alde batetik, zortekoa naiz, nire ezaugarriak dituen jende asko ez dagoelako; hau da, 24 urteko mutil tenore asko ez daude, eta horrek eragiten du. Zortea dut. Baina, bestetik, egindako eta egiten dudan lanaren fruitua ere bada.

Gaztea zara; aisialdirako astirik geratzen zaizu?

Bai; asko zaintzen dut hori ere. Alderdi profesionalak garrantzia du, baina aisialdiak edo emozionalak ere bai. Lanaz gainera, oso garrantzitsua da familiarekin, lagunekin eta bikotekidearekin egotea. Garrantzitsua da bi aldeen arteko oreka izatea.

Proiektu horiez guztiez gainera, abesbatzetako zuzendari ere badiharduzu.

Gipuzkoako hiru abesbatzaren arduraduna naiz eta Beasaingo Musika Eskolan irakasle lanetan ere badihardut. Gure lan-esparruan dugun handicap handiena lan ziurtatua izatea da; beraz, beti mantendu izan dut lan finko bat. Oso gustuko ditut, gainera, abesbatza eta hezkuntza arloak; hortaz, kanpoko proiektuak eta bestelako bete-beharrak bateratzen saiatzen naiz.

Musikene Donostiako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan ere jarraitzen duzu, ezta?

Bai, baina aurten ez naiz horren sarri joaten. 2024ko ekainean bukatu nuen Interpretazio gradua, eta arlo bereko masterra abiatu nuen irailean, eta oso gustura ari naiz.

Aurrera begira zein asmo dituzu?

Ez dut helburu zehatzik. Pozik nago. Ahalik eta gehien ikasten jarraituko dut bizitzak eramango nauen bidetik, eta aukeratzen edo hartzen ditudan bide berriak ahalik eta aberasgarrienak izaten saiatuko naiz.

Aitor Garitano, ezkerrean, Tenerifeko Auditoriumean. Argazkia: Tenerifeko Opera.

Opera modernoan kantuan

Opera baten ezaugarriak baditu ere, Leonard Bernstein-ek 1952n sortutako Trouble in Tahiti obra berritzailea da, entzuteko, ikusteko, baita antzezteko ere. Aitor Garitano bergararrak Tenerifeko Auditoriumean egin du, Kanarietako musikariekin batera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak