Bergarako New Stage Solutions (NSS) start-up-ak industria-enpresendako garatu duen SyntaX softwarea aurkeztuko du otsailaren 13an, 18:30ean hasita, Seminarixoan. NSSren SyntaX programak, batez ere, kalitate, segurtasun eta osasun nahiz ingurumen departamentuen prozesuak erraztea du helburu, ISO estandarretan oinarrituta. "ISO estandarrak dira mundu mailan aplikatzen diren estandar batzuk, eta industria enpresa gehienek aplikatu behar dituzte euren produktuak sortzeko. Araudiak dauzkate eta neurketa batzuk egin behar dituzte. Lan hori erraztu egiten du SyntaX softwareak, enpresei denbora eta dirua aurreztuta", zehaztu du NSSko zuzendari nagusi Kepa Sebal bergararrak.
Inbertitzaile bila dabil NSS, eta, horregatik, egueneko aurkezpenean sektorearen joerak azalduko dituzte, baita enpresaren ibilbidea zein izan den eta zein helburu dituzten ere: "Finantzaketa mailan zenbat diru behar dugun, zertarako erabiliko dugun, gure balioak zeintzuk diren eta zergatik inbertitu beharko luketen azalduko diegu enpresei". Sebalek adierazi du Bergarako eta Debagoieneko 30 enpresak eman dutela izena, baina oraindik izen-ematea zabalik dago. Gainera, parte hartzen dutenek bi orduko prestakuntza eta eskuliburua jasoko dute.
Aholkularitza zerbitzua hasieran
Kepa Sebalekin batera Kepa Diaz bilbotarrak eta Lucio Polcaro argentinarrak Bergaran jarri zuten martxan NSS, UNEDeko Alkar Lankidetza Gunean, 2023ko abuztuan –Miguel Altunarekin hitzarmena sinatu dute eta hara lekualdatuko dira martxoan–. Hasiera batean, aholkularitza zerbitzua eskaintzen zuen enpresa izatea zuten helburu, baina 2024ko urtarrilean aldaketa egitea erabaki zuten. "Aholkularitzan ikusten genuena zen hiru gazte ginela eta gure profilarekin ez ginela urrun iritsiko bide horretatik. Orduan, erabaki genuen ISO araudiaren merkatu-nitxo horretatik irten gabe produktura pasatzea", dio Sebalek. Orduan hasi ziren SyntaX-ekin lanean, eta BIC Gipuzkoan sartu ziren, eta finantzaketa "garrantzitsua" lortu zuten. "Azeleradore bezala funtzionatzen dute start-up-entzat", adierazi du Sebalek.
Inbertsio bila dabiltza; 400.000 euro mailegu bidez eskatuko badituzte ere, 200.000 euroko finantzaketa lortzea da helburua, operazio-ahalmena handitzeko eta produktua garatzeko, adimen artifiziala, zibersegurtasuna eta Internet Of Things txertatuta.