Bukatu dituzte Bergarako Udal Pilotalekuko lanak

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko ots. 5a, 15:48

Frontoia lanak bukatuta. (Argazkia: Bergarako Udala).

Lau hilabeteren ostean amaitu dituzte frontoia berritzeko lanak. Estalkia guztiz berritu dute eta horrenbestez, isolamendu termikoa eta akustikoa hobetu da. Gainera, margoketa lanak ere egin dituzte. Dagoeneko prest, Bergarako pilotariak izango dira frontoi eraberritua estreinatuko dutenak.

Urriaren 7an hasi zituzten Bergarako Udal Pilotalekua berritzeko lanak, eta hasiera batean, aurreikuspena abenduan zehar amaitzea bazen ere, epeak ezin izan dituzte bete. Bergarako Udaleko kirol zinegotzi Olatz Manuelek adierazi duenez, eguraldia izan da obra atzeratzeko arrazoi nagusia: "Teilatua izan da konpondu duguna eta euri askoko egunetan ezin izan dira lan batzuk egin".

Dena den, frontoia margotzea ez zegoen aurreikuspenen artean, eta obra atzeratzeak ahalbideratu du lan horiek egitea. Alabaina, kirol zinegotziak aurreratu du, hormaren saneamendua baloratu zutela hasiera batean, baina aurreikuspen ekonomikoak tarteko "aurreragoko lanetarako" utzi dutela.

Halaber, gustura agertu da emaitzarekin, baina gaineratu du obra amaitzean frontoiko lurrak kolorea galdu duela eta "garbiketa sakon" bat egingo dutela: "Horrekin batera, lurrari hasierako itxura ematen ahaleginduko gara".

Gaur eta bihar artean kenduko dute garabia, eta horregatik, Fraiskozuri kalea itxita egongo da bi egunetan.

Egitura indartu eta estalki plakak berritu

Obra hauek pilotalekuaren iragazgaizte eta isolamendu arazoak konpontzeko helburua izan dute. Egiturak indartu eta estalki plakak berritu dira. Markel Azkargorta zinegotziak adierazi duenez, "obra honen helburua da, bai pilota zein bertan burutzen diren beste ekintza batzuk baldintza duinagoetan egin ahal izatea. Era berean, bizilagunei sortu ahal izan zaizkien eragozpenak arindu nahi izan dira".

Hala, Goitu Eraikuntzak SL enpresak egin ditu lanak eta frontoiaren berritzeak 356.954 euroko kostua izan du. Bergarako Udaletik adierazi dute, Gipuzkoako Foru Aldunditik 135.380 euroko diru-laguntza jaso dutela.

Ohiko erabilera

Pilota partiduez gain, besteak beste, Bergarako Musika Bandaren hileroko kontzertuetarako edota Gabonetako jolas parkea jartzeko erabili izan da. Oraingoz, ohiko erabilera izango dela nagusi aurreratu du Manuelek. Dena den, euskal pilotarekin lotutako jarduera ezberdinak bultzatzen saiatuko direla iragarri du. "Iaz ahalegina egin genuen erremontea eta emakume zein gizonezkoen esku pilotako partida profesionalak ekartzeko. Aurten ere saiakera egingo dugu eta baloratuko dugu", dio.

Frontoian jokatzeko irrikaz

Poztasun handiarekin hartu du frontoiaren irekiera Bergarako Pilota Sailak, eta irrikaz daude egubakoitzean Bergaran jokatzeko: "Azkenean, lau hilabete eman dituzte gure pilotariek Antzuolan eta Angiozarren entrenatzen. Horrek suposatzen duen guztiarekin entrenatzaileendako, familiendako... Partiduak Antzuolan jokatu ditugu. Eskerrak eman nahi dizkiegu Antzuolako Udalari eta hango pilota eskolari primeran portatu direlako".

Hiru partida jokatuz estreinatuko dute egubakoitzean frontoia, 19:30ean hasita. Gipuzkoako Binakako Txapelketa Errendimenduan Alebinen mailan, Bergarak Arrasateren kontra jokatuko du; Gipuzkoako Binakako Nesken Txapelketa Errendimenduan infantiletan, berriz, Bergarak Aizkorpe hartuko du, eta azkenik, Ataun eta Oiarperen txanda izango da.

Bergarako Musika Bandak ikusmina du

Bergarako Musika Bandak eta Orkestra Sinfonikoak, Aratusteetako kontzertu bereziarekin zapalduko dute pilotalekua, otsailaren 28an, 22:00etan. "Oso pozik" hartu dute itzulera zuzendari Enrike Txurrukaren esanetan, erabili ezin izan duten denboran, "asko bota dutelako faltan" bertan ezin jotzeaz gain, horrek sortu duen "mugimendu estra" guztien kudeaketagatik.

Orain, datozen kontzertuetara begira, ikusmina daukate eta teilatuaren berritzeak akustikari nola eragin dion probatzeko gogoz daude. "Aspaldiko eskaera da frontoiaren egokitzapen akustikoa, oihartzuna gutxitzea, bertan egin diren kultur ekitaldiez egoki gozatu ahal izateko. Frogatzeko aukera ona izango da hurrengo kontzertua".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak