El país del atardecer dorado du izena Celia Santosek (Bergara, 1972) idatzi duen azken liburuak eta herrian aurkeztu zuen atzo, egubakoitza, iluntzean. Bergarako udal liburutegia aukeratu zuen horretarako eta bera heldu orduko, zain zituen senide batzuk, ezagunak eta baita aurretik idatziak dituen liburuak irakurrita dituzten hainbat herritar ere; laugarren liburua du hau Santosek, eleberriak denak.
1960ko hamarkadan, frankismo garaian, Espainiatik Australiara emigratu zuten emakume ezkongabeen istorioa du oinarri Santosen liburuak. "Esan ziotena gauza bat zen, eta benetako helburua beste bat", azaldu zuen egileak liburuaren nondik norakoak azaltzen hasi zenean.
Egubakoitzean aurkeztu zuen liburua Bergaran eta bezperan, eguenean, Zaragozan. Handik heldu zen egubakoitz arratsaldean Bergarara. Aurkezpenera joan ziren herritar batzuk bertan erosi zuten liburua.