Zergatik kontatu duzu Marta operazioa oinarri duen istorio hori?
36ko gerraren garaileek ezkutuan mantendu duten istorio bereziki latza delako. Uste dut Marta operazioa-k aipamen berezia merezi duela, berez bizitza hobe baten bila emigratzeak duen egoera gordinari ezaugarri makabro bat gehitzen zaiolako; emakumeak tresna edota inkubagailu bezala erabiltzea zinez beldurgarria iruditzen zait, izugarria. Gainera, faxismoa inoiz baino mehatxu errealagoa den garaiotan, halako gertaerak azaleratzea aproposa dela deritzot.
Zergatik bidali zituzten Australiara?
Bigarren Mundu Gerra amaitu ostean, Australia sortzen ari zen herrialdea zen, dena zegoen egiteke: errepideak, ospitaleak, portuak, eraikinak... Eskulan behar gorria zuen Australiak, eta, horregatik, 50eko hamarkadan gizonezkoak izan ziren emigratu zutenak, azukre-kanaberetan lan egiteko, eta horietako asko euskaldunak ziren; ezin da ahaztu XIX. mende amaieran eta XX. mende hasieran hainbat euskaldun joan zirela Australiara eta hango Gobernuak Australia zuria nahi zuela. Euskaldunak, langile fin eta indartsu ospea izateaz gain, altuak eta zuriak ziren.
Hortik emakume euskaldun asko egotea Marta operazioa-n?
Bai, operazioko hasierako gehienak euskaldunak eta asturiarrak izan ziren; gero, Espainia osotik joan ziren. Eleberriko pertsonaia nagusia fikziozkoa da, Elisa. Elisa ama ezkongabe bat da, maki asturiar baten alaba, baina emigratu zuten emakume guztiak ordezkatzen ditu. Izan ere, emakume ezkongabeak, katolikoak eta 23 eta 30 urte artekoak izan behar zuten, seme-alabarik izan edo ez. Orduko Espainia frankistan, Australiara joatea ihesbidea izan zen hainbat ama ezkongaberentzat; han, baina, ez zuten saldu zietena aurkitu...