Erretiroa prestatzeko gida sortu aurreko solasaldia

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko urt. 24a, 09:37

San Joxepeko kideak elkarteak antolatutako ekintza batean. (Argazkia: Imanol Soriano).

Jubilatuen esperientziak jasoko dituzte hilaren 29an Heldugaraia proiektuaren baitan San Joxepen, Asmoz Fundazioaren asmoa baita jubilazioan bakardade sentimenduak kudeatu edota murrizten lagunduko duen tresna erabilgarria sortzea.

Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioaren Heldugaraia proiektua garatzeko, jubilatu diren edo jubilatzear daudenen testigantzak jasoko dituzte Aiala Orbegozo eta Maider Uralde soziologoek urtarrilaren 29an, 18:30ean, San Joxepe erretiratuen elkartean. Erretiroa aldez aurretik prestatzen duten pertsonek bakardadea sentitzeko aukera gutxiago dutela ondorioztatu zuten aurreko ikasturtean landu zuten Elkardadea proiektuan, eta eguazteneko elkarrizketekin ikusi nahi dute Bergarako erretiratuek nola prestatu duten erretiroa.

"Elkardadean, batez ere, zaharren egoitzetan egon ginen hango pertsonekin bakardadearen inguruan hitz egiten. Orduan konturatu ginen bakardadea sentitzen zuten pertsona askok ez zutela jubilaziorako ezer prestatu edo pentsatu. Ikusi genuen bazegoela lotura bat jubilazioaren prestakuntzan eta bakardadea sentitzearen artean. Jakina da ez dela arrazoi bakarra, baina ikusi genuen lotura. Orduan, urte honetan nahi izan duguna da Elkardadearen proiektuari beste buelta bat eman, eta Heldugaraia proiektu hau prestatzea elkarteetako erretiratuekin hitz eginez", azaldu du Aiala Orbegozo soziologoak.

Elkarrizketen bidez "pista batzuk" jasoko dituzte bi soziologoek, eta hizketaldietatik jasotako ideietan oinarrituta gida bat prestatzea da helburua, datozen urteetan jubilatu behar duten pertsonek jarraibideak izan ditzaten, zer egin edo nola hasi jakin dezaten. Hori bai, erantzunen anonimotasuna zainduko dutela jakinarazi dute.

Heldugaraia proiektuarekin uda ostean hasi ziren lanean. Gabonen aurretik eta ostean Legazpin eta Astigarragan egin zituzten elkarrizketak, eta Bergaran egingo dute hirugarren geldialdia. Orbegozok adierazi du proiektuaren difusioa egin dutela elkartez elkarte, eta, askok erantzun ez badute ere, Bergarakoek interesa erakutsi dutela eta hasieratik egon direla prest. Dena den, asmoa da EAEko hiru probintzietako hainbat jubilatu elkartetako kideen testigantzak jasotzea, eta, Orbegozok aurreratu duenez, beste saiorik ez dute egingo Debagoienean: "Ez dakit zergatik, baina baiezko gehien Gipuzkoatik jaso ditugu. Hortaz, Arabako eta Bizkaiko egoitzetan zentratuko gara, hiru probintzien ordezkaritza izateko".

Taldekako solasaldiak

Saio irekia izango da urtarrilaren 29koa, eta Orbegozok aurreratu du talde txikietan egingo dutela lan. Dagoeneko jubilatu direnendako da, batik bat, saioa. "Saiatzen gara talde oso handiak ez izaten. Aurrekoetan, bost edo hamar lagun elkartu gara. Talde handiak direnean, jende berak hitz egiten du beti; orduan, nahiago dugu talde txikiak izan eta lasaiago aritu. Kontatzen digute nola bizi izan duten jubilazio prozesua, orain zer egiten duten…", dio.

Gaien artean, adierazi du errutinak ikusiko dituztela, eta lehenengo galdetzen dutela nola gogoratzen duten jubilazio une hura: "Azkenean, beti egoten gara amesten jubilatzeko momentuarekin, eta hortik hasten gara. Gero, haren espektatibak bete diren, aurretik zerbaitetan hasi zen, orain zer egiten duen... Elkarrizketa irekia denez, gaiak aldatzen joaten dira eta saiatzen gara gaiak bideratzen jubilazio prozesu horretara. Elkarrizketa bat da, baina, nahiz eta iruditu gauza anekdotikoa, lan garaian egin zutenekoa baliagarria da orain aztertzeko".

Alabaina, hasieratik argi utzi du ez dutela nahi inork gaizki pasatzerik; izan ere, gaineratu du gai batzuk, agian, "pertsonalak edo tabuak" izan daitezkeela partaideendako. Horregatik, azpimarratu du parte hartu eta hitz egin dezakeela nahi duenak, eta ez dutela inor behartuko esperientzia kontatzera edo iritzia ematera.

Izena emateko deia

San Joxepekoek azaldu dute jubilazioari begira alderdi ekonomikoa aztertzeko ohitura zabalduta dagoela gizartean, ongizate pertsonala eta soziala alde batera utzita, eta, horregatik, proiektuan ekarpenak egiteko interesa dutenei izena emateko eskatu diete, urtarrilaren 27a baino lehen, San Joxepeko sarreran dagoen bulegoan.

Orbegozo soziologoak aurreratu du izen-ematea zabaldu dutela, taldeak "oso handiak" ez izateko, baina gura duenak izena eman gabe ere parte har dezakeela.

Parte hartzeko dei ere egin die, ikusi baitute beste herrietan egin dituzten saioetan sekulako jakintza daukatela erretiratuek. "Ikusi dugu haiek bizitzen dutela jubilazio ona, eta iruditzen zait izan daitekeela aukera ona. Askotan, iruditzen zaie ez dakitela ezer, eta kontatzen duten hori ohiko bizitza dela eta kito. Euren bizitzeko modu horretan badago besteei erakusteko asko. Nik uste dut horrek lagunduko diela. Bestalde, baldin badago pertsona bat ez dagoena oso gustura bizitzako garai horretan –erretiroan– edo norbaitek ikusten badu datozen urteetan erretiratuko dela, ikustera, ikastera edo besteei entzutera etor daiteke. Nik uste dut oso interesgarria izan daitekeela, elkarrengandik ikasteko"; hori esanez animatu ditu Orbegozok Bergarako erretiratuak parte hartzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak