Tailugileen lanak ikusgai daude Aroztegi aretoan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko urt. 11a, 11:22

Bergarako Taila Elkarteak atzo, hilak 10, aurkeztu zuen elkartekideen lanak batzen dituen erakusketa. 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era dago ikusgai asteburuan; gainontzeko egunetan, arratsaldez.

Hamasei tailugilek eginiko berrogei lan inguru ikusgai daude Bergarako Aroztegi aretoan urtarrilaren 19ra arte, Bergarako Taila Elkartearen eskutik, euren lanak plazaratzeko erakusketa antolatu baitute. "Taila lanak dira gehien bat, egurrean egiten dena. Bergaran ja urteak daramatza elkarteak lanean, eta lan ezberdin asko daude: asko eboluzionatu du azken urteetan", adierazi du Iñaki Osak, elkarteko kideak. Haren hitzetan, lehenago, argizaiolak eta kutxak izaten ziren, besteak beste, eginiko lan ohikoenetako batzuk, baina, egun, "beste mota batekoak" dira: "Taila dago, eta baita eskultura ere, esate baterako".

Eginiko lanen artean, gainera, aurten bada berritasun bat: makilak. "Badakigu jende askok dituela eginak, euren lanetariko bat izan dela makila horiek lantzea, baina sekula ez dira aurkeztu; lan horiek ekartzeko eskaera egin genien, asko baitira lan oso bikainak, eta harrera ona izan du".

Elkartearen egunerokoa

Lan horietarako lehen urratsak maisu batekin egin dituzte elkarteko kide gehienek, Osak adierazi duenez. "Hil egin zen, ordea; horrenbestez, orain, hasiberriek elkarteko beste tutore edo maisu bat izaten dute alboan, eta lehenengo pausoak horrek zuzenduak izaten dira, diseinuari eta egur motari dagokionez, besteak beste. Behin hori eginda, aholkutxoren bat-edo tarteko, autodidakta da guztiz gutako bakoitza".

Bergarako Taila Elkartek 30 urte inguru daramatza jardunean, eta "gorabeheratxoak" izan dituela aitortu du Osak: "Pandemia horrek, beste gauza askotan bezala, mugimendua jaistea eragin zuen elkartean, eta nahiko triste egon da orduz geroztik; hala ere, ez dakit %100ean den, baina uste dut pixkanaka-pixkanaka jendea badoala berriro ere konfiantza hartzen". Hala, taila lana egiteko interesa edo kuriositatea izan dezaketen herritar horiei elkartera batzeko deia egin die: "Hemen gaude eta ateak zabalik ditugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak