Julen Badiola: "18 urtez azpiko munduko txapelketarako sailkatzea ametsa izango litzateke"

Monika Belastegi Aranzabal 2025ko urt. 10a, 08:00

Julen Badiola helmugara iritsita. (Argazkia: Mireia Bikuña)

33.44ko denborarekin, hirugarren sailkatu zen abenduaren 31n Bergaran jokatutako San Silvestre Trailean Julen Badiola Unzurrunzaga, eta herriko azkarrena ere izan zen. Txikitatik du korrikarekiko zaletasuna, eta, pistan eta krosean ere aritzen den arren, traila du gustukoen. 16 urte beteta, lehenengoz lehiatu ahal izan da nagusiagoekin, Bergarako San Silvestre proban. "Onena ematera" joan zen eta baita lortu ere.

Pozik San Silvestre proban lortutakoarekin? Ez zen makala izan!

Bai, oso pozik. Norbere herrian lehiatzea beti da berezia, eta lasterketa hau oso maitea dut; txikitan aita ikusten nuen parte hartzen, eta azken bi urteetan boluntario ibili naiz, eta adina betetakoan ez dut zalantzarik izan parte hartzeko. Giroa benetan da aparta, eta egun berezia da. 

Espero zenuen halako emaitzarik?

Ibilbidea eta distantzia egokiak dira nire ezaugarrietarako, eta, gainera, horrelako lasterketak lehiatzen ditut Euskadiko zein Espainiako txapelketetan, baina orain arte nire adineko korrikalariekin nengoen lehiatuta; nire onena ematera joan nintzen, baina emaitzari dagokionez zalantzak nituen.

Trailaz gain, pistan eta krosean ere aritzen zara; zein duzu nahiago?

Nahiz eta hiruretan lehiatzen naizen, dudarik gabe gehien gustatzen zaidana eta emaitzarik onenak lortzen ditudana traila da.

Bateragarriak dira hirurak?

Neguan krosetan aritzen naiz, indarra hartzeko, eta udaberrian, berriz, pistan, abiadura hartzeko; eta, horrela, trailerako hobeto prestatuta egoten naizela uste dut. 

Eta zer distantzia nahiago duzu?

Sei edo zazpi kilometro inguruko lasterketak gustatzen zaizkit gehien. Laburragoak azkarregiak dira niretzat eta zortzitik gorakoetan ez dut inoiz parte hartu.

Noiz hasi zinen korrika egiten?

Txikitatik gustatu izan zait korrika egitea, eta gurasoak lasterketaren batera joaten zirenean umeek parte hartzeko aukerarik baldin bazegoen, han joaten nintzen ni. Bestalde, aita mendian korrika ikusten nuen eta harekin ibiltzen nintzen, eta horrela hasi nintzen gaztetxoentzako mendi lasterketetan parte hartzen: Antzuolan, Elgetan, Mitxintxolan…

Baina korrika egin aurretik futbolean ere aritu ziren; zergatik aldaketa?

Bi kirolak nituen gustuko eta biak uztartzen ahalegintzen nintzen. 2023. urtean, Atletismo Federazioak antolatutako Euskadiko trail txapelketa Zumarragan egin zen, eta parte hartu nuen. Emaitza ona lortu nuen, eta atletismoan federatzea erabaki nuen, Goierri Garaia Atletismo taldean. Entrenamenduak geroz eta gogorragoak ziren, eta, azkenean, bat aukeratu behar izan nuen. 

Zumarragako atletismo taldean ari zara; horrek ere lagunduko dizula pentsatzen dut.

Zalantzarik gabe, Goierri Garaia Atletismo Taldea funtsezkoa da orain arte atletismoan lortu dudan gauza guztietan, izan trail, pista edo krosa, eta, batez ere, nire entrenatzaile Santi Perezen aholkuak eta prestakuntza oso garrantzitsuak dira. 

Zenbat entrenatzen zara? Eta nola?

Astean bost aldiz entrenatzen naiz. Astean behin joaten naiz Zumarragako Argixao pistara nire entrenatzailearekin serieak egitera eta beste egun bat, normalean asteburuetan, mendian entrenatzen naiz. Gainerako entrenamenduak nire kabuz egiten ditut, Bergaran, baina, betiere, entrenatzaileak agindutako distantzia eta erritmoak errespetatuz. 

Entrenatzeaz gain, zaindu ere egin beharko duzu...

Adinean aurrera noala gero eta gehiago konturatzen naiz zaintzearen garrantziaz, eta taldean sumatzen da giro hori. Elikadura garrantzitsua da, baina atsedena ere oso garrantzitsua da. 

Aurtengo denboraldirako zer helburu daukazu?

Bi nagusi ditut: batetik, Ordizian otsailean egingo den Euskadiko trail txapelketa ondo prestatzea, eta bertan, Eivissan egingo den Espainiako selekzioen arteko txapelketarako sailkapena lortzea; bestetik, ekainean Canfrancen (Huesca) bakarkako Espainiako txapelketa egingo da, eta, gainera, lehenengo laurak Bratislavan (Eslovakia) egingo den 18 urtez azpiko munduko txapelketarako sailkatuko dira, eta hori lortzea amets bat izango litzateke. 

Eta etorkizunean egin nahi duzun lasterketarik baduzu? 

Etorkizunean, Zegama-Aizkorri mendi maratoia egin nahiko nuke, baina oraindik bide luzea dago egiteko.

Amaitzeko, gustuko lasterkari bat?

Honetan gabiltzan ia guztiok begiratzen diogu Kilian Jornet kataluniarrari, eta niretzat ere erreferente bat da. Etxekoei begiratzen badiegu, berriz, Antzuolako Larrea anaiak, bai kirolari moduan, baita pertsona moduan ere. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak