Non jaio zinen?
Saharako errefuxiatuen kanpamentuetan jaio nintzen, 1987an. Nire gurasoek kanpamentuan ezagutu zuten elkar, eta han ezkondu ziren. Ni izan nintzen beraien lehenengo alaba. Bederatzi neba arreba gara guztira, baina nire anai bat gerran hil zen.
Nolakoa da egunerokotasuna errefuxiatuen kanpamentuetan?
Ez dago egiteko ezer. Ikasi dezakezu, bigarren hezkuntza egin arte, baina gero kanpora joan behar duzu. Ikasketekin bueltatzen zarenean ere, ezin duzu lanik egin, ezin duzu ezer egin. Emakume batzuk umeak zaintzen egiten dute lan, edo irakasle gisa. Gizon batzuk gidari lanak egiten dituzte, produktuen salerosketa, mekanikoak dira... baina ez dago askoz aukera gehiago. Baliabideak ekartzen dituztenak, batez ere, migratzen dutenak dira. Horiek bidalitako diruarekin bizi dira familia asko.
Zer gauza nabarmenduko zenuke saharar kulturatik?
Saharrarren eskuzabaltasuna ere azpimarratuko nuke. Bestalde, izan duten egoeraren gainetik, oso herri baketsua dela uste dut. Borroka baketsu baten alde egin dute beti.
Izan ere, Marokoren okupaziopean bizi da saharar herria urte luzez.
Bai. Saharako herria dagoen egoera ez da erraza. Gure herriak okupazio bat jasan du marrokiar gobernuaren aldetik, eta horrek eragin du Saharar herria bitan banatzea. Batzuk Marokoren okupaziopean geratu dira Saharako iparraldean, eta beste batzuk ahal izan duten lekuan hartu dute aterpe. Horiei, Argeliak beraien herrialdeko zati bat utzi die, desertuan, errefuxiatuen kanpamenduan. Zerotik eraiki behar izan dute herrialde bat sahararrek, ezerezaren erdian.
Nolakoa da saharar herriaren egoera gaur egun?
2021eko azaroaz geroztik, gerra piztu da berriro. Egoera txarra da. Okupazioa 1975ean izan zen. Gerra hasi zen, Marokoko gobernuaren eta Saharar herriaren artean, eta gerra horrek 1991 arte iraun zuen. Orduan, Marokok ikusi zuen eskuetatik joaten ari zitzaiola egoera, eta erreferendum bat egiteko aukera eskaini zuten, gerra bertan behera uzteko baldintzarekin. Erreferendum horrek aukera ematen zion saharar herriari Maroko edo Sahara izan nahi zuten erabakitzeko, beraz, Saharak onartu egin zuten. Ordutik, Marokok ez du ezer egin ordea. Denbora irabazi du estrategia horrekin, indarrak biltzeko, eta, bitartean, Saharar herriak itxaroten jarraitzen du. 2021ean, Saharakoa zen lurralde bat inbaditu zuten berriro, eta zibilak hil zituzten. Orduan piztu zen gerra berriro. Oraindik hasten ari da, eta ez du bete-betean eztanda egin. Baina igartzen da. Jada ez dago gizonik kanpamentuetan; guztiak gerrako eremuan daude. Laguntza humanitarioei esker bizi dira kanpamentuetan. Ez daukate beste aukerarik.
Zergatik erabaki zenuen migratzea?
Zazpi urte nituela, nire gurasoek erabaki zuten ni Kanariar uharteetara bidaltzea uda pasatzera, Oporrak bakean programaren bidez, 1995ean. Modu horretan, Espainiako familiek saharar umeak etxean hartzen zituzten, uda beraiekin pasatzeko, eta umeek osasun arreta jaso zezaten ere baliatzen zen egonaldia.
Nolakoa izan zen zure lehen inpresioa kanpamentuetatik kanpora ateratzean?
Garai hartan, kanpamentuetan ez geneukan argindarrik, ezta urik ere. Ez genekien zer ziren errepideak edo eraikinak. Beraz, Kanarietara iritsi nintzenean, hura beste mundu bat zen niretzako. Uda horretan, mediku azterketak ere egin zizkidaten, eta ikusi zuten hazteko zailtasunak ematen zizkidan gaixotasun bat neukala. Ia-ia ezin nintzen oinez ibili. Beraz, hartu ninduen familiak erabaki zuen gaixotasuna osatzeko tratamendua bukatu arte beraiekin geratu nedin. Bost urtez geratu nintzen Kanarietan azkenean.
Gurasoekin nola komunikatzen zinen?
Garai hartan kanpamentuetan ez zegoen telefonorik, eta nire aitak 400 kilometroko ibilbidea egin behar izaten zuen desertuan nirekin telefonoz hitz egiteko. Beraz, haiekin nuen komunikazioa oso txikia zen. Bost urte igarota, arabiera ahaztu zitzaidan, eta ez nintzen Saharako bizitzarekin gogoratzen. Beraz, nire gurasoek bueltatu nedin eskatu zuten, nirekin kontaktua ia-ia galdua zutelako. Nik ez nuen hara bueltatu nahi, hemen jendeak esaten zidalako halako lekuetan neskatoak gizon zaharrekin ezkontzera behartzen zituztela, edo ahuntzen ordez trukatuko nindutela. Noski, hori guztia gezurra zen.
Bueltatu zinen azkenean?
Bai. Gogorra izan zen, Kanarietako erosotasunetara ohitu nintzelako. Ur beroa eta tortila patata faltan botatzen nituen. Lehenengo sei hilabeteak horrela igaro nituen, eta nire gurasoek ere asko sufritu zuten. Baina gero erabaki nuen burua altxatu behar nuela. Ikusi nuen nik ere ekarpen bat egin behar nuela. Itzultzaile lanak egiten hasi nintzen kanpamentuan. Horren ondoren, nire aita gaixotu zen. Bera kamiolaria zen, eta diru sarrerarik gabe geratu ginen. Halako batean, Kanarietan ezagutu nituen bi lagun etorri ziren kanpamendura bisitan, eta 10.000 pezeta ekarri zizkidaten. Sekulako oparia izan zen. Diru horrekin, eta amak gordeta zeuzkan gozoki batzuk salduta, hainbat produktu erosi nituen. Eta horiek kanpamentuan saltzen hasi nintzen. Oso ondo joan zen negozioa, eta, azkenerako, denda txiki bat zabaldu nuen. Horrek asko lagundu zuen familian.
Zenbat denbora eman zenuen kanpalekuetan garai hartan?
Bost urte, 2005era arte. Nire gaixotasunak asko egin zuen hobera, baina oraindik hezurretako minak izan ohi nituen, eta kanpamenduan ez zegoen nik behar nuen medikaziorik. Kanarietako nire familiak hara bueltatu nedin nahi zuen, ikasketak bukatzeko. Beraz, garai hartan bueltatu nintzen Kanarietara. Hara bueltatzean, hainbat urtez ibili nintzen borrokan paperak lortu arte. Azkenean, 2010ean lortu nituen paperak, eta nire senarra ezagutu nuen. 2015ean bueltatu ginen Saharako kanpalekuetara, bertan ezkontzera. Bera ere, espainiara umetan etorritako sahararra da. Nire lehenengo alaba kanarietan jaio zen, eta orduan ere trabak izan genituen paperekin. Beraz, Euskal Herrira etortzea erabaki genuen. Lana aurkitu genuen, eta hemen bizi gara orduz geroztik.
Sahara eta Euskal Herria: antzekotasun ugari dituzten herriak, elkartasunez lotuta
Euskal Herriagatik galdetuta, Omar Bashirrek dio saharar herriarekiko "elkartasun handia" somatu duela hasieratik: "Elkartasun eta enpatia handia somatu dut. Antzekotasun asko ikusten dut zentzu horretan Euskal Herriarekin; jende ona dagoela iruditzen zait". Gainera, esan du Bergaran zenbat eta denbora gehiago egon, "are gehiago" gustatzen zaiola. Hala ere, aitortu du hasieran kosta egin zitzaiola euskaldunen dinamiketara ohitzea: "Egia da etorkin asko beraien baitan ixten direla, baina hemen integratzea ere askotan ez da erraza". Zentzu horretan, alaba nagusienarekin "asko" sufritu zuela adierazi du: "Hona etorri ginenean, eta parkera gindoazenean, adibidez, ez zizkioten zirkuluak berari zabaltzen. Eta helduekin ere berdin. Koadrilak daude hemen, eta zirkuluetan sartzen ahalegindu arren, oso zaila da horietan sartzea".