Abenduaren 1ean estreinatu zuen Aukeran dantza konpainiak Amama, Donostiako Victoria Eugenian. Ikuskizuneko zuzendari Edu Muruamendiarazen (Bergara, 1964) arabera, "oso ondo" joan zen estreinaldia: "700 bat lagun joan ziren antzokira, eta uste dugu oso gustura geratu zirela". Bihar, abenduak 14, Seminarixora helduko da (18:00); sarrerak seminarixoa.eus-en daude salgai, lau eurotan.
Donostia, Bergara eta Urnieta
Umeei zuzendutakoa, zazpi ipuin kontatzen ditu ikuskizunak, dantzen bidez; euskal lurralde bakoitzeko koreografia bana. Ordubete irauten du obrak: "Erronka da ume baten atentzioa mantentzea ordubetez; Donostian, behintzat, lortu genuen, ikuskizun oso dinamikoa da eta. Ume horietako bat dantza mundura hurbiltzea lortzen badugu, borobila litzateke; azken finean, eurak izango dira etorkizuneko gure dantzariak". Bizileku duen Donostian izan zen lehen emanaldia eta haren jaioterrian izango da bigarrena: "Kasualitatez, halaxe tokatu da, oso pozik nago. Ez hori bakarrik; hirugarren emanaldia Urnietan izango da, dantza eskolak ematen ditudan herrian. Kasualitate ederra...".
Erronka konpainiarentzat
Amama ikuskizun "ezberdina" dela dio Muruamendiarazek. Hasteko, familiei zuzendutako ikuskizun bat ez da ohikoena Aukeranentzat. Horrez gain, askotariko diziplinak tartekatzen dituzte: "Maskarak, txotxongiloak eta ikus-entzunezko proiekzioak daude, eta antzeztu ere egiten dugu, besteak beste. Amamaren papera Lolik [Astoreka] egiten du, baina bilobak dantzariak dira. Ez dugu dantza bakarrik egiten; esparru berri batean sartu gara, mundu berri batean".
Duela urte eta erdi hasi zuten Amama taularatzeko bidea: "Bapo-Bapo Produkzioak-eko Aitor Narbaizarekin elkarlanean dihardut azken hamar urteetan, eta proposatu zidan hurrengoa familia-ikuskizun bat izatea, ipuinetan oinarrituta. Hasieran harriduraz hartu nuen, baina, buruari buelta batzuk eman ostean, iruditu zitzaidan gure burbuilatik irteteko aukera ona izan zitekeela. Hasierako ideiari forma ematen ibili gara urte eta erdi luzez. Hasiera batean, ezjakintasunetik, pentsa dezakezu umeendako denez errazagoa izan daitekeela, baina alderantziz da, askoz zailagoa. Erronka handia bezain konplikatua izan da, baina gustura gaude emaitzarekin".
Loli Astoreka aktorea da amama, eta taldeko dantzariak dira haren ilobak
Bidelagun ederrak
Juan Kruz Igarabiderenak dira zazpi ipuinak; haren atea jo zuten, eta baiezkoa jaso zuten hasieratik. Ipuin horiek dantzen bidez kontatzeko ezinbestekoa zuten musika, eta, horretarako, Joxan Goikoetxearengana jo zuten. "Aspaldiko harreman pertsonala daukat Joxanekin, eta banuen harekin lan egiteko gogoa; proposamena bota genion, eta baietz".
Muruamendiaraz da zuzendaria, baina zuzendari artistiko baten beharra zegoen, trantsizioak eta bestelakoak borobiltzeko; horretarako, Elena Bezanillarekin jarri ziren harremanetan: "Umeendako antzerkigintza da haren mundua, eta ekarpen handia egin digu". Haiez gain, beste hainbat bidelagun ere batu dira proiektura, eta, haien artean, besteak beste, amamaren rola egiten duen Loli Astoreka aipatu du bergararrak: "Duela 30 bat urte, emaztea eta biok Japoniara joan ginen dantzan egitera, eta han harreman oso estua egin genuen Lolirekin; Amama-ren ideia irten zenean, argi nuen Loli zela aukera onena, eta proiektura batu zen. Protagonismo handia du ikuskizunean; ohorea da halako antzezle bat izatea oholtzan, ipuin kontalari".