Danbakaren azken lau proposamenak jokoan sartzeko prest

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2024ko abe. 13a, 08:02

Arrasateko Ondare eta Banana Shake taldeak eta Aretxabaletako Maider Mimi bakarlaria eta 721-Gogor Gabiltza zazpikotea izango dira gaur, 21:30ean hasita, Seminarixo barruan, eta Bergarako DJ balzak girotuko du chill out gunea, 20:00etan.

Goienak eta Bergarako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Sein enpresaren babesarekin urrian abiatutako Debagoieneko musika lehiaketa azken txanpara heltzen ari da; gaur, egubakoitza, jokatutako da azken kanporaketa. Askotariko musika dastaketarekin gozatzeko aukera izango dute Seminarixora joaten direnek –erpin askotako rocka, trap-punka eta ska-punka–.

Gaurko saioa egin ondoren, finala izango da hurrengo kontzertu-gaua, urtarrilaren 17an

Sarrera arrunta bost eurotan erosi ahalko da Seminarixoko leihatilan, Goienakideak doan sartu ahalko dira eta Goienaren aplikazioa deskargatuta dutenek bi euro ordainduko dute.

Ondare eta Maider Mimi

Adrian Izkuek, Iker Germanek, Enrique Delgadok eta David Prandonik osatzen duten Arrasateko Ondare taldea izango da lehiatzen lehenengoa. 2022an sortu zen eta aurten argitaratu dute estreinako lana. "Soinuekin esperimentatzea gustuko dugu; rock alternatiboa, post-punka eta nahasketa gehiago daude gure kantuetan. Kontzertu polita eskaintzeko gogoz gaude; ezagutzera emateko ilusio handia dugu, pretentsio handi barik", diote taldekideek.

Aretxabaletako Maider Mimik –Maider Trevino– hartuko du lekukoa Seminarixo barruko agertokian. "Orain dela bi urtetik esku artean dudan proiektua jendaurrean aurkeztuko dut, ez dut-eta aukera handirik izan. Borroka sozialarekin lotutako gaien inguruan kantatuko dut, publikoa hausnartzera bultzatzeko gogoz. Bakarrik izango naiz, gitarra lagun abestuko ditut batzuk eta back-tracka erabilita beste hainbat", kontatu du Maider Mimik.

Trap-punketik ska-punkera

Dantzarako aitzakia emango diete askori gaua borobilduko duten bi proiektuek. Aurtengo urtarrilean abiatutako Aretxabaletako 721-Gogor Gabiltza zazpikotea izango da, atsedenaldi txikiaren ondoren, lehiatzen hirugarrena. "Esperimentu moduan jaio zen, trapa eta punka nola uztartzen ziren probatzeko. Bi kantu egin genituen, asko gustatu zitzaigun, eta, gure artean sortu zen giro ona aintzat hartuta, aurrera egitea erabaki genuen, eta dagoeneko diskoa grabatzeko beste material sortu dugu", diote taldeko Pxli-k –Markel Bengoa–eta Julene Rosadok.

Haize-instrumentuen doinuen presentzia handiarekin borobilduko du Arrasateko Banana Shake taldeak gaua. Lagun asko izango dira taularen gainean, kuadrilla bereko kideak guztiak. "Musika zaletasun ezberdinak ditugun arren, taldea sortzea erabaki genuen 2021ean, eta hala hasi ginen poliki-poliki lanean. Gogotsu gaude gaurko kontzerturako; taldeari ikusgarritasuna emateko aproposa da Danbaka", azaldu dute taldeko kide Aitor Abarrategik eta Odei Markosek.

Goiena telebistan, 'Danbaka.eus'-en eta 'Goiena.eus'-en ikusi ahalko dira kontzertuak

DJ Balza chill out gunean

Bergarako DJ Balza –Ander Balzategi– izango da gaur Seminarixo kanpoan. "20 urte badira, anaiarekin batera, lehen ekipoa erosi zutenetik. Euskal Herriko klub, areto eta taberna askotatik pasatakoa da. Ambient-down tempoan hasi eta teknoraino zabaltzen dira jartzen dituen doinuak", dio Danbakako koordinatzaile Jokin Bereziartuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak