Hiru Damatxo ekoiztetxea lagun, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak bultzatutako ekimena da Ikusgela. Ander Bolibarrek (Bergara, 1989) jaso du saria.
Zer ekarri du saria irabazteak?
Aitortza polit bat izan da guretzat; batez ere, jende askoren lana dagoelako Ikusgelan. Indarra eman digu sinisten dugun proiektu honetan lanean jarraitzeko eta euskarazko ikus-entzunezko libreak sortzeko eta biderkatzeko.
Zer da Ikusgela?
Interneterako bideo motzak sortzen ditugu. Dibulgazio-bideoak dira, historiaren, euskal kulturaren eta filosofiaren ingurukoak, besteak beste. Kuriositatea izan nahi duen edonork euskaraz ikusi ahal izateko bideoak dira, baina baita hezkuntza testuinguruetan erabiltzekoak ere; izan ere, hutsunea zegoen, alde horretatik, eta horrelako hezkuntza baliabide irekiak eta euskarazkoak ez dira ohikoak.
Hutsune bat zegoela aipatu duzu.
Egunero bost bat ordu pasatzen ditugu pantaila baten aurrean, eta ordu horietatik, euskaraz, oso gutxi dira. Euskarak eta euskal komunitateak, alde batetik, behar dute horrelako material pila bat; eta, beste alde batetik, hiztunok, ohitura eta konpromisoa izan behar dugu euskaraz sortzen dena ikusteko, ezagutarazteko eta gure inguruan zabaltzeko. Hutsuneak hor jarraitzen du; proiektuak hura txikitzeko ekarpen bat egiten du, beste proiektu batzuekin batera, baina euskaldunok, sarean, erdaraz bizi gara. Guztion konpromisoa da beharrezkoa, erakundeena zein hiztunona.
Zein da euskarazko edukiak kontsumitzen dituztenen kopurua?
Ez da erraza jakitea, datuekin, zenbat eta nola ikusten den euskaraz. Gure kasuan, 110 bideo sortu ditugu, zortzi serietan banatuta. Bideo horiek Youtuben eta Wikipedian daude, proiektua Euskarazko Wikipediak koordinatzen duelako. Euskarazko Wikipedia bada euskarazko webgune bisitatuenetako bat, eta, alde horretatik, badaukagu sortzen duguna ikusi egiten den bermea.
Zeintzuk dira euskarazko bideo batean zenbaki onak?
Zaila da esatea. Uste dut bakoitzak ikusi behar duela norbere kultur kontsumoa zenbateraino den euskaraz eta zenbateraino ez; non kontsumitzen duen eta non ez. Orain dela gutxi argitaratu genuen bideo bat Erronka digitalak seriearen barruan Euskararen mugak sarean izenpean, eta bideo horretan laburtzen dugu euskarak dituen erronkak ingurune digitaletan eta zergatik ez den horrenbeste erabiltzen.
Euskarazko jakintza librearen sustapenari eta eguneratzeari ematen diozue balioa; ez da erronka makala.
Euskarazko dibulgazio asko egiten da; bueno, asko baino gehiago, egiten da. Askotan, baina, guk geneukan pertzepzioa oso ezberdinduta egon da gazteen narratibekin alderatuta, ikus-entzunezkoei dagokienez. Gure saiakera izan da, hasieratik, narratiba fresko eta arinekin gauzak azaltzen, baina sakontasuna galdu gabe.
Informazio gehien dagoen testuinguru honetan, desinformazioa da nagusi; zein da zuen egoera?
Gure proiektua Euskarazko Wikipediatik sortu zen, bertako ikus-entzunezkoen proiektua da, eta Wikipediak berak fake news-en inguruan ekarpen polita egiten duela iruditzen zait; izan ere, lehen lerroan jartzen du iturrien garrantzia eta ondo erreferentziatuta egotea. Irakurleak ariketa aktibo hori izatea eta irakurtzen edo ikusten ari den horren atzean zer dagoen aztertzeko gogoa izatea ere sustatzen du proiektu honek. Gure bideo guztiek, amaieran, kredituak dituzte, eta iturri guztiak agertzen dira; gainera, Creative Commons irudiak direnez, bideo bakoitzean erabiltzen diren irudi guztiak aipatuta daude. Uste dut era horretara sortzen dela praktika bat askoz ere osasuntsuagoa, edukiak nondik eta nola atera diren aitortzen delako eta edukiak libreak direlako, lizentziari dagokionez. Aldi berean, desinformazioaren aurka ere borrokatzen dela iruditzen zait, guztia modu kolektiboan egiten delako eta agerian uzten delako.
Azken hilabeteetan hainbat izan dira X sare sozialetik atera diren hedabideak; zer iritzi duzu horren inguruan?
Uste dugu oso garrantzitsua dela komunitateak edukitzea, eta komunitate horiek digitalak ere izan daitezke. Sare sozial pribatiboak, eta enpresa handienenak, askotan, algoritmo bati lotuta daude, eta beste logika batetik eraikitzen dira. Horrelakoetan, euskara hutsean sortzeagatik bakarrik, algoritmoak zigortu egiten gaitu. Hortaz, biralitatearen mentalitatea baino askoz interesgarriagoa da komunitate txikien mentalitate bat. Guk horren alde egiten dugu, eta komunitate horiek sortu nahi ditugu Mastodonen, Telegramen eta halako tokietan; iruditzen zaigu osasuntsuagoa dela eta desbideratu egiten gaituela biralitatearen gezur horretatik.
Zeintzuk dira, etorkizunera begira, Ikusgelaren erronka nagusiak?
Iruditzen zaigu infinitua izan daitekeela egiten dugun langintza, eta beste 100 bideo egitea polita izan daitekeela. Era berean, proiektua ezagutarazten jarraitzen dugu, eta uste dugu momentua dela Ikusgela ezagutzen ez dutenengana zabaltzeko.