Stoltz Freres organo berritua herriari erakusteko, kontzertua emango du Oleak hilaren 8an (18:00); zaharberritu dutenek hitzaldia egingo dute gaur, Seminarixoan (20:00).
Nola zaude domekako kontzertu berezira begira? Ze sentsazio?
Oso pozik. 16 urteren ostean, lortu dugu bakarra den organo hau behar bezala berritzea; orain, partekatu beharra dago, eta belaunaldi berriei utzi.
Zer aurreratu dezakezu emanalditik piezei dagokienez?
Organo berrituari ahalik eta etekin gehien ateratzeko, zazpi pieza joko ditut, honako konpositore hauenak: Camille SaintSaëns, Johann Sebastian Bach, Gabriel Pierne, Jesus Guridi, Eugene Gigout, Louis Vierne eta Franz Liszt. Organo honek 36 joko ditu, 36 soinu ezberdin, eta horien arteko konbinazioen bidez beste soinu batzuk lortzen dira. Margolariek oinarrizko koloreetatik abiatuta beste kolore batzuk lortzen dituzte, eta domekan saiatuko gara beste soinu batzuk aurkitzen; betiere, organoaren baliabide guztiak erabilita.
Zaharberritzea lan nekeza izan da, ezta? Organoa %100 dago gertu?
Bai, organoa prest dago. Jatorriko soinua errespetatzea izan da premisa, eta lortu dugu. Borroka eta buruhauste asko izan dira, eta bidelagun asko. Batzuek ezingo dute organo berritua entzun, joan zaizkigulako... Haiei guztiei, bihotzez, eskerrik beroenak.
Michele Jurine eta Artez enpresen lana azpimarratu beharra dago...
Zalantzarik gabe. Instrumentua barrutik birgaitu dutenak Lyongo [Frantzia] Michele Jurine enpresako artisauak izan dira, baina ezin da ahaztu Bergarako Artezekoek organoa estaltzen duen kaxa erraldoia eta lau figurak berritu dituztela.
Harremana egin duzu haiekin, ala?
Organoa guztiz hustu eta Lyonera garraiatu ostean, ia bi urte egon ziren, eta 2024ko maiatzean itzuli zuten San Pedrora. Ordurako, baina, Artez enpresakoek estalkia eta irudiak birgaituta zituzten, lan horretan aritu ziren-eta urtarriletik martxora bitartean. Lan bikaina egin dute. Prozesuan harreman estua egin dugu, bai. Lyonera birritan joan naiz, adibidez, eta hango tailerrean lan nola egiten zuten bertatik bertara ikusi ahal izan nuen. Organoa hemen zegoela, maiatza ezkero ia egunero etorri izan naiz Bergarara...
Inbertsio handia izan da, hori bai.
Instrumentuak 468.000 euroko inbertsioa ekarri du: Aldundiak 234.000 euro jarri ditu, Bergarako parrokiak 80.000 euro, Bergarako Udalak 60.000 euro, elizbarrutiak 46.000 euro eta Stoltz Freres Organoaren Elkarteak 41.000 euro –2013a ezkero elkartea arduratu da mantentzea ordaintzeaz, eta, beraz, 65.000 euro jarriko zituen elkarteak guztira–. Horrez gain, elizbarrutiak 60.000 euro gehiago jarri ditu, Artezek organoaren kutxa berritu zezan.
Inbertsio handia, baina merezi zuena; diozu organoa "bakarra" dela...
Stoltz Freres etxeko jatorrizko soinua mantentzen duen munduko organo handiena da San Pedrokoa, hiru teklaturekin eta 36 jokorekin. Instrumentu bakarra da, bai, beste asko eletrifikatuak izan direlako. Honen bikietako bat Tolosan dago, 1885ekoa dena, baina elizako sabaiko harri zati handi bat erori zitzaion eta kontsola hondatu zuen; saiatu ziren birgaitzen, baina ez zen erabat lortu. San Pedrokoa liburu ireki bat da; mugarri bat musikaren, ingeniaritzaren eta artisautzaren ikuspegitik, harribitxi erraldoia.
XIX. mendeko teknika erabilita berri dute
Oleak azpimarratu duenez, San Pedro elizan 1889ko martxoaren 18an inauguratu zen Stoltz Freres organoa garai hartako teknikan oinarrituta berritu dute. Eta adibide bat jarri du: "Esku-lan itzela dago atzetik, ordu asko, eta ez da teknika berririk ezarri. Adibidez, hauspoen narrua bera eta narru hori itsasteko lehengaia animalietatik eratorritakoa da; eta prozesua bera naturala izaten da, dela igurtzia, ureztatzea edota lehortzea, besteak beste. XIX. mendean horrela egiten zen". Dena da mekanikoa, Olearen arabera: "Motorra eta organistarendako argia dira elementu elektriko bakarrak. Argindarra joan izanez gero, lau pertsona beharko lirateke hauspolari lanetan, baina aukera egongo litzateke argindar barik organoa bere osotasunean jotzeko. Ezer berririk ez da jarri, hori izan da premisa".